Mikel Gonzalezek pilotarien mugimenduak digitalizatzeko ekimen baten parte hartu du

Anboto 2014ko urr. 18a, 10:00
Mikel Gonzalez berritztarra, sentsoreak ipinita dituela, pilota astintzen

Europako hainbat kirol tradizionaletan erabiltzen diren mugimenduak digitalizatzeko egitasmoan parte hartu du Mikel Gonzalez pilotari berriztarrak, Oxfordeko Audiomotion estudioetan. Esku pilotaren ordezkari lez joan da; beragaz batera zesta-punta, pala eta paleta gomako pilotariak ere joan dira.


Europako Batasunak bi milioi euro inbertitu ditu proiektu honetan, eta Gipuzkoako Vicomtech-IK4 enpresa da koordinatzailea. Pilota modalitateez gainera, adibidez, hurling edo futbol gaelikoa ere badago proiektuaren barruan. Urriaren 6an eta 7an izan ziren Oxforden euskal pilotariak.

Gorputz osoan sentsoreak jarri zizkieten, mugimenduak harrapatzeko. Pilotako mugimendu guztiak –sakea, dejada eta gantxoa, esaterako– behin eta berriro errepikatu zituzten emaitzagaz gustura geratu arte. Ondoren, puntako teknologiaren bidez, hiru dimentsioko irudi grafikoak egingo dituzte, eta kirol elkarteentzat eskuragarri egongo dira. Gainera, kostu baxuagoko sistema eta sofware ireki bat garatzen ari da Vicomtech-IK4, kirol elkarteek erabili dezaten. Horrela, pilotarien mugimenduak grabatu eta alderatu egin ahalko dira, jarrerak hobetzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!