Aitor Urresti, Goiener: "Kontsumitzaileok zer-nolako energia kontsumitu nahi dugun erabaki dezakegu"

Anboto 2014ko eka. 13a, 09:20
Energia berriztagarrien kontsumoa bultzatu guran, Goiener kooperatibak ohiko elektriken alternatiba eskaintzen du. Aitor Urrestik ekimen honen inguruko berbaldia eskaini du asteon, Berrizen.

 

Zelan sortu da Goiener kooperatiba?
Duela urte pare bat sortutako ekimena da. Berriztagarrien aldeko apustua egin behar zela iritzi genion, eta, gainera, sistema osoa gizarteratuta egin behar zela hori. Europa mailan guzti honen inguruan zer egiten zebiltzan aztertuta, eredu hau ezagutu genuen: berriztagarrien kontsumo kooperatibak.
 
Kooperatiba hauek zelan funtzionatzen dute?
Kooperatiba hauek elektrizitatea sortzen dute, eta, ondoren, saldu egiten dute. Horixe izan zen Goienerreko hasierako apustua. Baina, une horretan Madrilgo gobernuak luzapen bat sartu zuen energia berriztagarrien instalazio berrien inguruan, eta, azpiegiturak ezin zirela modu errazean egin ikusita, momentuz elektrizitatea saltzen bakarrik hasi gara.


Zein da kooperatibaren helburua?
Goienerren helburu nagusia energia berriztagarrietatik datorren elektrizitatea saltzea da. Oinarri horren inguruan hainbat ondorio sortzen dira. Alde batetik, geroago eta energia berriztagarri gehiago saldu, geroago eta energia zikin gehiago kentzen dugu sistematik. Bestetik, energia demokratizatu egiten dugu. Guk geuk, kontsumitzaile garenok, zer-nolako energia kontsumitu nahi dugun eta zelan kontsumitu nahi dugun erabaki dezakegu. Gainera, kontsumo arduratsua bultzatzen dugu. Goienerren helburua ez da ahalik eta elektrizitate gehien saltzea, baizik eta elektrizitate hori modu arduratsuan kontsumitzea. Ildo horretatik,efizientziaren eta energia aurreztearen inguruan gomendioak ematen ditugu.
 
Zer abantaila du kooperatiba honetan parte hartzeak elektrika bategaz kontratua egitearekin alderatuta?
Kontsumo arduratsuaren ikuspegitik, kontsumitzailea elektrizitatearen protagonista izatea lortzen dugu. Kooperatiba bat da, beraz, gure erabaki guztiak asanblada batean hartzen dira. Era berean, azken aldian hainbat albiste ezagutu ditugu elektrikek hartutako erabakien inguruan. Une honetan Iberdrolak erabaki du Garoñaren bizitza luzatzea. Kontsumitzaile moduan horren aurrean zer egin dezakegu? Enpresa horretatik kanpora joan; eta, kasu honetan, beste alternatiba bat dugu eredu garbi baten aldeko apustua egiteko.

Zelan hartu daiteke parte Goienerren?
Elektrizitatea bazkideei bakarrik saltzen diegu, beraz, lehenengo pausoa bazkide egitea da. Goiener.com webgunean oso erraz egin daiteke. Ondoren, kontratua sinatzeko aukera duzu. Une honetan 1.700 bazkide eta 1.100 kontratu ditugu. Bazkide egiteko 100 euro jarri behar dira. Izatez, faktura bi hilero egiten dugunez, kopuru hori kooperatibak merkatuan elektrizitatea erosteko aurreratu behar duena da. Kooperatibatik irten nahi duenari dirua itzuli egingo genioke. Kontratua ere webgunetik erraz aldatu daiteke Goienerrera. Mugikorra konpainiaz aldatzea baino errazagoa da.

Saltzen duzuen energia zelan sortzen da?
Une honetan Euskal Herriko enpresa bategaz dugu kontratua. Horrek enpresa handientzat elektrizitate berriztagarriaren salerosketa egiten du. Energia eolikoa eta eguzki energia da gehienbat. Hala ere, gure asmoa bertako ekoizleak zuzenean kontratatzen hastea da, eta beraiei erostea elektrizitatea. Gure proiektuak argi dauka bertakoa dela. Tokiko energia hartu, eta energia hori tokiko pertsonei saltzea da asmoa. Batetik, tokian tokiko ekonomia eta energia sustatu gura dugu. Bestetik, arrazoi tekniko eta ekologikoa dago. Urrunetik energia erosi gura badugu, sare elektrikotik etorri behar da, eta sare elektrikoan galera batzuk daude. Energia geroz eta gertuago sortu eta ekoiztu, geroz eta gehiago aurrezten da.

Dituzuen 1.700 bazkideek alderik nabaritu dute elektrizitatearen hornikuntzan?
Ez dago alderik, sare elektriko bera erabiltzen jarraitzen dugulako. Guk ezin dugu ziurtatu bazkideen etxera sartzen den elektrizitatea energia berriztagarrien bidez heldu dena denik. Erraz azaltzearren, sistema hau igerileku baten parekoa da. Hainbat lekutako ura sartu dezakezu igerileku batera, eta, bertatik ura ateratzen baduzu, ezin duzu ziurtatu leku batetik edo bestetik sartu duzun ura den, nahastuta dagoelako. Gure 1.700 bazkideek kontsumitzen duten energia berriztagarrien bidez sareratzen dugu. Geroz eta bazkide gehiago izan, orduan eta energia berriztagarri gehiago sareratuko dugu.

Elektriken eta zuen tarifen artean alderik badago?
Momentuz ez. Hala ere, azken aldian gobernuak elektriken tarifa aldaketa egin, eta horrek bezeroekiko babes falta eragin du. Hau da, kontsumitzaileok ez dakigu une bakoitzean elektrizitatearen prezioa zenbatekoa den. Guk hiru hilabetero prezio bat jartzen dugu. Merkatuko prezioaren batez besteko bat izango litzateke. Gure abantaila da gure enpresak garestiago salduko balu, elektrizitate horrek irabazi handiagoa eragingo lukeela. Gure kasuan kooperatiba bat garenez, guztion artean erabakiko dugu irabazi horiekin zer egin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!