Tximista batek Sallobenteko Etxaburuaurre baserria jo du

Anboto 2014ko mar. 26a, 16:32
Eskaratzeko irudi bat, tximistak teilatua jo eta gero (familiak utzitako argazkia).
Atzo, martitzena, 18:00ak aldera izan zen ezbeharra. Berrizko Etxaburuaurre baserriko teilatua jo zuen oinaztuak, eta teilak apurtuta, barruraino sartu zen. Barruan zegoen etxeko jabea, Emilia Agirrebeitia, eta onik irten da.

 

Atzoko ekaitzaren erdian izan zen Sallobente auzoko ezbeharra. Teilatutik etxe barrura sartu zen tximista, eta barrukaldea ere nahiko kaltetuta geratu da. Zorionez, eskaratzean zegoen Emilia Agirrebeitia, eta oinaztuak ez zion kalterik egin: "Ahal izan nuen moduan irten behar, ez nuen ezer ikusten eta, dena hautsa eta eskonbroa zen". Susto handia hartu zuen, baina zorionez kolperik ez: "Disgustua bera nahiko kolpe da". Bakarrik bizi izan da Agirrebeitia etxean, eta orain, bere familiarekin dago.

Atzo iluntzean eta gaur goizean ere, Sallobente auzora gerturatu da Berrizko alkate Orland Isoird. Berak azaldu duenez, eguraldia hobetzerakoan ikusiko da konponketa lanak zelan egin: "Egitura bera ondo dagoela ematen du, baina kalteak handiak dira". Tximistaren kolpetik Emilia ondo atera izana nabarmendu du: "Inportanteena etxeko jabea salbu dagoela da".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!