Zelan otu zitzaizun Mary elefantearen istorioa ipuinera eroatea?
Ni donostiarra naiz, eta duela hamar urte etorri nintzen Berrizera. Olakuetara joan, eta probalekuan elefantearen horma-irudia ikusi nuen, eta orduantxe hasi zitzaidan jakinmina. Toki Ona tabernan ere bazegoen argazki handi bat, eta galdezka hasi nintzaien bertako lagunei. Esan zidaten desafio bat egon zela Mary elefantearen eta idi pare baten artean. Buruan geratu, eta ipuin bat egitea otu zitzaidan. Istorioa hor zegoen, baina aspaldikoa zen, eta, gainera, argazki gutxi zeuden.
Orduko egunkarietan kronikak ere idatzi zituzten.
Probaren antolatzailea Eduardo Urzelai izan zen, eta bere ondorengoak-edo arduratu ziren Urzelairen gaineko webgunea egiteaz. Materiala hor dago, argazkiak, egunkarietako albisteak... Baina gaia modu serioan landuta ikusten nuen, eta esan nuen: zergatik ez kontatu umeen atseginerako? Agian ume askok ez dute istorioa ezagutuko, edo jakingo dute aititak-edo kontatu dielako. Beraz, umeentzako gauza alai bat egitea eta istorioa berrinterpretatzea otu zitzaidan.
Ipuinean Gari izeneko mutiko bat da hezitzaileari erronka jotzen diona.
Bai. Idi-proben kontua nagusien arteko gauza da, eta nik umearen ikuspegitik kontatu dut, pixka bat alaiagoa izateko.
Zelan imajinatzen duzu egun hura Berrizen?
Desafioa garrantzitsua izango zen herrian. Orain beste ikuskizun batzuk daude, telebista daukagu, futbola, pilota partiduak... Zirkua bera gainbeheran dago. Nahiko kontu serioa izango zela imajinatzen dut. Apustuak eta diru kontuak tartean direnean...
Elefanteak galdu egin zuen. Askok egingo zuen bere alde apustu...
Irakurri dudanez, apustuak elefantearen alde zeuden. Jabeek animalien aurkezpena egin zuten hasi aurretik: zenbat kilo zuten, zenbat jaten zuten... Informazio hori garrantzitsua zen animaliek zelako indarra zuten jakiteko. Elefanteak idiek baino askoz gehiago jaten zuen eta datu hobeak zituen. Baina gero, probalekuan bueltak emateko arazoak izan zituen elefanteak, gelditu ere egin zen momentu batean, eta, gainera, ez zuen tiratzeko ohiturarik. Azkenean, idi pareak berrogeita hamar untze inguru egin zituen, eta elefanteak hamar bat.
Askok ordura arte ez zuen inoiz elefanterik ikusiko.
Herri honetan ez. 1963an zirkuak ez ziren Berriz bezalako herri txiki batera etorriko. Zirkua, berez, Bilbora etorri zen, eta handik ekarri zuen Urzelaik. Probalekuan 800 pertsona inguru batu ziren! Batzuk idiak ikustera, baina asko joango ziren elefantea ikustera.
Zineman ere parte hartu zuen Maryk.
Jabeak behintzat horrela esaten zuen, Munduko ikuskizunik handiena pelikulan parte hartu zuen, eta pelikula horrek Oscar saria irabazi zuen.
Eta Eduardo Urzelaik, Berrizera ekarri.
Bai, edukiko zuen elefantearen berri, eta publizista ona zela dirudi. Asko mugitzen zen gauzak antolatzeko.
Zeure lehenengo ipuina da hau?
Argitaratuta bakarra daukat, baina egin, egiten ditut. Gustatuko litzaidake ipuinekin jarraitzea.
Erakusketa egongo da otsailaren 14ra arte.
Bai. Bertan, ipuinen marrazkiak eta benetako argazkiak egongo dira, familiak utzitakoak. Egunkarietako kronikak, eta azalpen batzuk ere badaude. NODOan atera zen desafioaren bideoa eta hori ere egongo da erakusketan. Atea zabalik dago, oraindik badagoelako jendea Berrizen desafioa ikusi zuena eta datu gehiago eman dezakeena. Animalia hezitzailea, adibidez, ez da argazkietan agertzen eta nik kristoren bibotearekin irudikatu dut.