Lejarretaren bideak zirenak, denonak bihurtuko dituzte

Anboto 2013ko eka. 29a, 08:36
Abuztuaren 31n eta irailaren 1ean Euskal Herri osoan zehar diseinatutako ‘Iñakiren Bideak’ mendi bizikleta ibilbidea inauguratuko dute

Abuztuaren 31n eta irailaren 1ean Euskal Herri osoan zehar diseinatutako ‘Iñakiren Bideak’ mendi bizikleta ibilbidea inauguratuko dute.

 

"ñaki Lejarreta modu berezian gogoratu gura genuen. Eta zer modu hoberik pedalei eragiten baino?". Aitor Idigoras arabarraren berbak dira, ‘Iñakiren Bideak’ ibilbidea sortzeko ideia izan duten lau lagunetako batenak. Abuztuaren 31n eta irailaren 1ean, Lejarretaren senideen eta tokian tokiko mendi bizikleta zaleen laguntzagaz, Euskal Herri osoko lurrak zeharkatuko dituen ibilbidea inauguratuko dute.

 

Berrizen hasi eta amaituko da ‘Iñakiren Bideak’, eta, Bizkai, Gipuzkoa, Araba zein Nafarroatik ibiliko dira. Dena jarraian egiteko asmoa dute, gauez geratu barik, 40 ordu inguruan, eta horregatik erreleboka jardungo dute. Tokian tokiko mendi bizikleta taldeen (Altsasuko Burunda kluba, Iturriotz taldea…) edo zaleen artean banatu dituzte ibilbideko 350 bat kilometroak. Ez da martxa bat izango: “Ibilbide baten estreinaldi moduan planteatu dugu. Ondoren, ibilbideetako track-ak ekimen honetarako sortu dugun blogean ipiniko ditugu eskuragarri, gura duenak gura duenean egiteko”. Hau da bloga: inakirenbideak.blogspot.com.es

 

Aitor Idigoras mendi bizikleta zale arabarra, Valentin Tejero ‘Tinin’ Lejarretaren fisioterapeuta izandakoa, Ekaitz Barrenkua mendi bizikleta zale durangarra eta Mikel Isasi Lejarretaren laguna daude ekimenaren atzean. Denek Lejarretaren bidez elkar ezagutzen dute: “Behin laurok genduela, ideiak botatzen hasi eta ibilbidearena aproposa iruditu zitzaigun, betiko geratuko den zerbait izango delako”. Senideei komentatu eta ondo iruditu zitzaien. Urtarrilean hasi ziren lanean, eta dagoeneko lan handiena egina dute. Ibilbidea Berrizen hasi eta Anboto ingurutik sartuko da Araban. Gasteiz eta Ozaeta igaro eta Trebiñu ondotik Izkira joango dira. Ondoren, Nafarroan, Urbasa igo, Izkuera jaitsi eta Belate mendate (Baztan) ingurutik ibiliko dira. Gipuzkoako zatia kostaldetik egingo dute Oiartzun, Zarautz eta Deba zeharkatuta. Azkenik, Bizkaian sartu eta Oiz atzetik Berrizera joango dira.

 

Ibilbidean Lejarretarentzako esanguratsuak ziren hainbat tokitatik igaroko dira: “Oizen entrenatu ohi zuen. Gasteizen ere sarritan ibiltzen zen gugaz. Durruma Kanpezuko martxa urtero egiten zuen, eta Izkueko lasterketa bost-sei aldiz irabazi zuen”. Lejarretaren leku kuttunak zirenak, bizikleta zale denenak izango dira irailetik aurrera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!