Egunero eta 24 orduz birziklatu ahal izateko edukiontziak

Anboto 2011ko mar. 2a, 09:00
Berrizko Udalak etxeko olioa batzeko sistema berria jarri du, eta atzo aurkeztu zuten prentsaren aurrean. Aste honetan, etxerik etxe, olioa batzeko pote berezia banatuko diete berriztarrei.

 

Berrizko Udalak etxeko olioa batzeko sistema berria jarri du. Atzo egin zuten aurkezpena udaletxe ondoan; hain zuzen ere, ezarri dituzten hiru edukiontzietatik bat dagoen lekuan. Sistema hau eko3r enpresak garatu du, eta bertako arduradunek azaldu zuten funtzionamendua. Udalaren izenean Jabier Azpitarte alkatea eta Gorka Camara Hirigintza zinegotzia izan ziren aurkezpenean.

Sistema berri honek, urteko egun guztietan eta 24 orduz olioa jasotzeko aukera ematen die herritarrei. Durangaldean, Iurretan, Zaldibarren, Garain eta Mañarian ere zerbitzua martxan da dagoeneko.

Erosotasuna

Herritarrentzat erosoagoa izango dela azpimarratu zuten martitzenean. Herrian ipini diren hiru makinak \"erabilterrezak eta edozein momentutan erabiltzekoak dira\", diotenez. Udaletxe ondoan, Geltoki kalean eta autopista azpian jarri dituzte; Camarak azaldu zuen, hirugarren hau errepide alboan egonda, gainerako herrietako erabiltzaileek ere aukera ona izango dutela birziklatzeko. Bestalde, gurpildun aulkietan dabiltzanentzako ere egokia dela adierazi zuten arduradunek.

Potearen banaketa

Aste honetan, etxerik etxe, olioa batzeko pote berezia banatu diete berriztarrei. Potea bete ahala makinan utzi, eta makinak berak garbitutako pote berria bueltatzen du. Makinek, GSM-GPRS sistema dute eta edukiontzien egoeraren unean uneko informazioa jaso dezake udalak. Bilketarako ere, makinak berak ematen du abisua beteta dagoenean.

Birziklatzeko ardura

Berrizko Udalak 2002. urtetik batu du etxeko olioa, gero birziklatzeko. Orain arte, hilean behin herriko hiru puntutan eta ordu jakin batean egin izan da bilketa. Jasotako datuen arabera, 2010ean 777 litro olio batu ziren Berrizen, eta 493 pertsonek erabili zuten zerbitzua. Bilketa sistema hau erabiltzen den lekuetan, birziklatzeko olio bilketa lau bider ere gehitu da: herritar bakoitzeko litro bat batu da. Camararen ustez, \"Berrizen ia 5.000 liro batzea oso positiboa litzateke\". Olioak kalteak sortzen ditu etxeetako nahiz herrietako hodietan, eta uretan zer esanik ez: olio litro bakoitzak 1.000 litro ur kutsatzen du. Aurkezpenean ikastetxeko ikasleek ere hartu zuten parte, eta Azpitarte alkateak dei berezia egin zien gazteei eurek ere birziklatzeko ohitura hartzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!