Asier Berasaluze: "Gaztea naiz eta urte batzuetan pilotan jarraitzeko asmoa daukat"

Anboto 2010ko uzt. 9a, 10:31
Aspek ez dio kontratua berritu Asier Berasaluzeri (Berriz, 27 urte) eta goizetik gauera bizitza aldatu zaio. Dena dela, pilota munduari lotuta jarraitzeko asmoa dauka. Aspen izan duen ibilbideaz eta hemendik aurrera izango duenari buruz jardun dugu.
Aspek ez dio kontratua berritu Asier Berasaluzeri (Berriz, 27 urte) eta goizetik gauera bizitza aldatu zaio. Dena dela, pilota munduari lotuta jarraitzeko asmoa dauka. Aspen izan duen ibilbideaz eta hemendik aurrera izango duenari buruz jardun dugu. Abestiak dioen moduan, \"Ez dira betiko garairik onenak\", baina ez dakit Asperen erabakia itxaroten zenuen. Badakigu ez direla sasoirik onenak, baina urtebeterako-edo berritzea eskainiko zidatela uste nuen. Ez nuen itxaroten ez berritzerik; urtebeterako bai, eta bigarrenerako borroka egin beharko nuela aurreikusten nuen. Kolpe gogorra izan da, baina zer egingo diogu! Gauzak horrelaxe etorri dira, eta aurrera egin beharra dago. Gutun bidez jakinarazi zizuten erabakia, eta ez zaizu modurik egokiena iruditu. Egoera zelakoa den kontuan hartuta, ulertzen dut bakoitzak bere enpresarentzako onena iruditzen zaion erabakia hartzea. Nik beste iritzi bat izanagatik, ulertzen dut. Baina horrelako kontuak aurrez aurre tratatu beharrekoak direla deritzot, eta ez gutun bidez. Nola gogoratzen duzu gutuna jaso eta irakurri zenuen unea? Gutun zertifikatua zen, eta zapatu goizean ekarri zigun postariak. Hasieran pena handia hartu nuen, eta gero, apur bat lasaitu eta egoera aztertu ondoren, haserre puntu bat ere sentitu nuen, erabakia jakinarazteko moduagatik. Hurrengo astelehenen goizean Fernando Vidarteren (Aspeko administratzaile nagusia) deia jaso nuen. Eta zer esan zizun? Krisiaren ondorioz partidu gutxiago antolatzen dituztela, eta pilotalekura ere jende gutxiago joaten dela esan zidan. Hartutako erabakia hartzeko arrazoiak horiexek zirela azaldu zidan. Beste aukera bat eman ziezadan saiatu nintzen, baina ez zen modurik egon. Rober Uriarte abadiñarrari ere berdin gertatu zitzaion iaz. Izan duzu beragaz berba egiteko aukerarik? Bai, egon naiz Roberregaz. Berari gertatutakoa eta harrezkero egindako ibilbidea kontatu dizkit, eta pilota munduari lotuta segitzera animatu nau. Rober lagun handia dut. Azkeneko aste bietan zeure buruari behin baino gehiagotan egingo zenion galdera: hemendik aurrera zer? EgurSport izeneko enpresagaz dagoeneko partidu bat jokatu dut, eta udan horrela segitzeko asmoa daukat. Irailetik aurrera, afizionatu mailako txapelketak hasiko dira eta profesionaletan debutatu aurreko martxa hartuko dut. Beraz, pilota munduagaz lotuta jarraitzeko asmoa duzu. Pilota asko gustatzen zait, eta gustura joaten naiz entrenamenduetara ere. Lesioek uzten badidate, urte batzuetan pilotan jokatzeko asmoa daukat. Ikusi beharko da bestelako lanagaz bateragarria den, lesioak zelan datozen… baina printzipioz ez daukat pilota uzteko inongo asmorik. EgurSportegaz asteburuan jokatutako partiduan Rober Uriarte izan zenuen arerio aurreko koadroetan. Bai, Araban jokatu genuen binaka, eta 22-21 galdu nuen. Beste sentzazio batzuk dira. Ez da gauza bera Astelenan artekari pilo baten aurrean edo asteburuan jokatu nuen moduan jokatzea. Zaleen aldetik ez duzu hainbesteko presiorik sentitzen, beti animatu egiten zaituzte eta gehiago disfrutatzen da pilotan. Bigarren mailan txapel biren jabe zara. Lehenengoa buruz buru irabazi zenuen, orain lau urte, Labriten Arretxe II.a 22-21 menderatuta. Zelan gogoratzen duzu une hura? Txapelketan debutatzerik ez nuen inondik inora itxaroten, eta txapeldun geratu nintzen; imajinatu zelako poza! Debutatu eta urtebete eskasera irabazi nuen. Jendeak galdetzen zuen enpresak zelan eman zidan buruz burukoan parte hartzeko aukera, debutatu berritan eta nire ezkerragaz. Baina maila banuela demostratu nuen, eta oso une polita izan zen. 2009an binakako txapela irabazi zenuen Urberuagagaz. Garaipen berezia izan zen, hainbat arrazoirengatik. Batetik, Zornotzan jokatu genuen finala eta kristoren giroa egon zen. Bestetik, Xabier Urberuaga nuen bikotekide, eta lagun handia dut. Gainera, lesio bat gainditzetik nentorren, eta hura ahaztu eta aurrera jarraitzeko garaipen inportantea izan zen. Iazko kontuak dira. Pilotan zein profesional mailako beste edozein kiroletan, atzo egindakoa arin ahazten da. Bai, kuriosoa da. 2009ko binakako txapeldun bioi -Urberuaga ere kalean dago- ez digute kontratua berritu. Dena dela, Vidartek komentatu zidan ez zela kirol arloko erabakia izan; erabakia kirol ikuspegitik bakarrik hartu behar izan balute barruan egongo nintzela. Kontua da kontratua une txarrean amaitu zitzaidala, eta niri gertatu zitzaidan moduan, beste edonori gerta zekiokeen.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!