Atxondoko Udalak herriko enpresen beharrizanak ezagutzeko batzarrak egiteari ekin dio

Anboto 2024ko urt. 23a, 17:27

Cemosa, Hirumet eta Draxton enpresetako ordezkariekin bilerak egin dituzte dagoeneko

Atxondoko Udala bilera erronda bat egiten hasi da herriko enpresen, denden eta ostalarien beharrizanak ezagutzeko prentsa oharrean azaldu duenez. Lantegi handienekin hasi dituztela batzarrak azaldu dute. Cemosa, Hirumet eta Draxton enpresetako ordezkariekin bilerak egin dituzte dagoeneko. Artia industrialdean dago enpresa gehien, eta bertako premiak ere aztertu gura dituzte.

Merkataritza eta ostalaritza arloan ere zein egoera bizi duten, eta udalaren aldetik zein laguntza beharko luketen aztertuko dute. “Orain arte enpresekin egin ditugun bileretan hartu-eman oso ona izan dugu. Momentuz handienekin bildu gara, baina apurka-apurka gehiagorekin batzea da asmoa”, azaldu du Eneritz Agirre Atxondoko alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!