Sasoiko produktuak hazteko ortua martxan dute ikastetxean

Anboto 2016ko eka. 13a, 10:40

Kalitatezko elikadura osasuntsua umeentzat, bertako eta sasoiko produktuekin. Horixe aldarrikatzen du Durangaldeko hainbat ikastetxetako gurasoen elkarteek sustatzen duten Berton Bertokoa dinamikak. Atxondoko LHIn filosofia hori errealitatera eramateko hainbat urrats eman dituzte azken hileetan. Azken pausoa ikastetxearen atzealdean martxan jarri duten ortua da.

Gurasoen elkarteak ikastetxeko zuzendaritzagaz elkarlanean gauzatu du proiektu hori. Ikastetxearen atzealdeko landako hiru ortuak eta inguruko azpiegiturak guraso elkarteak egin ditu, hile eta erdian: “Asteburuetan eta txandaka, bakoitzak ahal zuen heinean lagunduz”, gogoratu du Urkiol Arkarazo gurasoak. Orain, eskolako irakasle eta langileak dabiltza umeekin ortua lantzen. “Gaztetxoek ortuagaz hartueman zuzena izatea da helburua. Parte hartu dezatela haziak ereiten edo landareak landatzen, albotik begira egon beharrean. Ortuari etekin pedagogikoa atera gura zaio”, azaldu du Alex Azpiri gurasoak. Letxugak, kalabazinak, tomateak, piperrak… gaur askotariko landareak ikusi daitezke ortuan.

Atxondoko ikastetxeak gaur egun ez dauka sukalderik. Beraz, momentuz, batutako uzta umeen artean banatu, eta etxera eramango dute bertan kontsumitu dezaten.

Herriko sukaldarien bisita
Azken urtean, elikadura osasuntsuaren gaineko pedagogian sakontzeko, mota askotako ekimenak gauzatu dituzte. Horietako batean herriko jatetxeetako sukaldarien laguntza izan dute. Akebaso eta Mendigoikoako sukaldariak, esaterako, ikastetxera joan dira gaztetxoekin zerbait kozinatzeko eta euren galderei erantzuteko. Datorren ikasturtean beste sukaldari batzuen bisitak hartuko dituzte.

Herriko ekoizleei bisita
Ikastetxean bertan bisitak jaso ez ezik, ikasleak eurak ere bisitak egitera irten dira noizean behin. Iaz, Atxondoko hainbat ekoizleren lana (okindegian, oilategian, ortuetan…) bertatik bertara jarraitzeko aukera izan zuten gaztetxoek. Ondoren, herriko ekoizleen sasoiko produktuekin hiru otzara bete, eta eskuragarri jarri zituzten. Ekoizleen datuak jasotzen dituen zerrenda bat ere banatu zuten otzarekin bat

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!