Atxondoko Udaleko batzorde gehienak kendu dituzte

Anboto 2015ko uzt. 3a, 15:50

Batzordeak herri batzar informalengatik ordezkatuko dituzte. Udal kudeaketa arintzea eta herritarren parte hartzea erraztea dira helburuak.

Atxondoko Udalak bost batzorde zituen aurreko legegintzaldian eta hasi berri den honetan bakarra du: legeak behartzen duen Kontu Batzordea. Kultura, ongizate, hirigintza eta ingurumen arlokoak kendu egin dituzte. Erabakia aho batez babestu zuten EH Bilduk eta EAJk eguazteneko udalbatzarrean.

Batzordeek eraginkortasuna galdu dutela azaldu du David Cobos alkateak: “Azken urteetan ez dute erabilerarik izan eta hile askotan batu ere ez ziren egiten”. Gainera, batzorde irekiak izanagatik, batzarrak egiteko moduak ez zuen parte hartzea errazten: “Udaletxe barruan, zinegotziak mahaiaren inguruan eta herritarrak aulkietan… beharbada ez zen girorik egokiena”.

Beraz, batzordeak herri batzar informalengatik ordezkatuko dituzte. Erabaki horrek udal kudeaketa arindu, parte hartzea erraztu eta udaleko ordezkarien eta herritarren arteko hartuemana dinamizatuko duela uste dute. Alderdi politikoko ordezkariak herritarrekin zein herriko elkarteetako kideekin batzartuko dira arloz arlo dituzten beharrizanak entzun eta ekarpenak jasotzeko. Batzarrak udaletxean zein herriko askotariko azpiegituretan egin daitezke: pilotalekuan, eskolan, liburutegian… "Batzar horietan erabakitzen dena udalean aplikatuta da eta beharrik balego udalbatzarrera eramango da han onartu dadin", dio Cobosek.

Hein handian, aurreko legegintzaldian ere eredu horregaz jardun dute. Hainbat herri batzar egin izan dituzte arloz arlo. Orain, udalbatzarreko adostasunagaz, eredu hori ofizial egin dute.

Batzordeak mantentzeak zuen kostua ere aurreztuko dute. Esaterako, zinegotzien dietetan aurreztuko dute, aurrerantzean egingo diren batzarrak ez direlako batzorde ofizialetakoak izango.

Plenoak hileko lehenengo astelehenetan

Eguazteneko osoko bilkuran udalbatzarren maiztasuna ere zehaztu zuten: Legegintzaldi honetan hileko lehenengo astelehenetan, 19:00etan, egingo dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!