Hamabost ume saharauik "liluratuta" hasi dituzte Atxondoko udalekuak

Anboto 2015ko uzt. 2a, 20:00

Gero eta familia gutxiago dira udan gazte saharauiak hartzeko prest daudenak. Beherakada horri aurre egiteko, Hamadako Izarrak elkartea sortu dute harrera familia izandako batzuek, eta, eurei esker, hamabost gazte saharauik Atxondoko Axpe auzoko aterpetxean emango dute uda.


Gazteek 10 eta 12 urte artean dituzte. Bi ez beste guztiak aurrenekoz etorri dira; euren bizitzan lehenengoz irten dira Tindufeko (Argelia) kanpalekutik, eta, normala den moduan, berria egiten zaie: “Atzo mendiei begira-begira egon ziren, ikaratuta lez. Gaur, igerilekura joan gara, eta liluratuta geratu dira. Datorren astean, Laidako hondartzara joango gara, kanoan ibiltzera, eta euren bizitzan lehenengoz itsasoa ikusiko dute”, adierazi du Hamadako Izarrak elkarteko Garazi Etxebarriak, gazteen lehenengo erreakzioak gogora ekarrita.

Atxondoko Udalak utzitako aterpetxean hilabete bi emango dituzte: “Udala oso ondo portatu da gugaz”, esan du. Gainera, Amankomunazgotik, eta Berriztik, Iurretatik, Durangotik, Abadiñotik eta Mañaritik ere laguntza jaso du elkarteak. Herritarren aldetik jasotako laguntza azpimarratu du Etxebarriak: “Atxondoko okindegi batek ogia ekartzen digu egunero, Mañariko elizak aulkiak utzi dizkigu, Durangoko bikote batek guretzat beren beregi pintatutako esne kantin bat erregalutu digu, eta Gasteizko lagun batek umeentzako koltxoiak erosi dizkigu”. Gainera, inguruko eskoletan arropa eta bizikletak batzeko kanpaina abiatu zuten, eta ume guztientzako bizikletak lortu dituzte.

Irteerak eta osasun arreta
Udalekuekin hainbat helburu bete gura dituzte. Batetik, gazteen osasun egoera zein den ikusi gura dute: “Batek asma du, beste batek giltzurrunetako arazoa… Mediku, okulista eta dentistarengana eramango ditugu. Horregaz batera, elikadura zainduko diete, ahalik eta orekatuena izan dadin.

Udalekuen beste helburu bat hemengo kultura eta tokiak  ezagutzeko aukera eskaintzea da, bai eta euren adin bertsuko gazteekin hartu-emanak sustatzea ere. Biharko irteeraz gainera, Otxandiko abentura parkera, Kortezubiko Basondora, eta Bilboko zein inguruko jaietara ere joango dira.

Urteroko ekimena
Aurten hasitako udalekuei datorren urtean jarraipena ematea da asmoa. Gazteak heldu ziren egunean, Loiuko aireportuan, beste elkarteetako jendea ezagutzeko aukera izan zuten: “Gure ekimenarekiko interesa erakutsi zuten, eta, udalekuak amaitzen direnean, hainbategaz batzeko asmoa dugu, gure esperientziaren berri emateko”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!