Frackingaren bidezko sistemari ezetz esan dio Atxondoko udalbatzarrak

Anboto 2015ko api. 17a, 13:09

Lur azpiko hidrokarburoa ustitatzeko fracking sistemaren aurkako jarrera hartu du Atxondoko Udalak. Azken udalbatzarrean Fracking Ez-Durangaldea plataformak gai horren gainean sartutako mozioa onartu zuten gobernu taldearen (EH Bildu) aldeko botoekin. EAJ abstenitu egin zen.


Mozioko puntuekin bat eginez, Atxondo barruan hartzen duen Sustraia hidrokarburo ikerketa baimena “bertan behera geratzeko” eskatu dute, eta Atxondo Fracking gabeko udalerri izendatu dute.

Onartutako mozioak “frackingaren aldeko apustu zentzugabea bertan behera utzi” dezala eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari eta “bere eskuetan dauden urrats guztiak egin ditzala, soilik energia iturri berriztagarrietan eta energia kontsumoaren murrizketan oinarritzen den eredu baterantz joateko”.

Sustraia izeneko eremua hartzen duen ikerketa baimena Petrichor Euskadi Cooperatief enpresak eta SHESA Euskadiko Hidrokarburoen Elkarteak eskatu dute. SHESA Energiaren Euskal Erakundearen barruan dago. Ikerketa baimena duen gune horrek 55.971 metro karratu ditu, eta Arrasatera, Bergarara, Elgoibarrera hedatzen da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!