Prentsa ohar batean adierazi dutenez, gaur egungo Gobernu Taldeak eta aurreko legegintzaldikoak “gauzak ondo egin izan balituzte, ez gineteke egoera honetan egongo”. Udalak 2009an eman zion eskola egiteko lizentzia Jaurlaritzari. Orduan, Dabid Cobos (EAE/ANV) zen alkatea. EAJren esanetan, orduan Cobosek “bazekien etorkizunean zer gertatu zitekeen”. Orain hartuko dituzten neurriak hartzeko zergatik itxaron duten hainbeste galdetu dute: “Oraingo Gobernu Taldeak legegintzaldi osoa izan du arau subsidiarioetan beharrezko aldaketak egiteko edo, egoera normalizatu dadin, eragindakoekin negoziatzeko. Zer egin dute denbora honetan guztian? Ezer ez”.
Bere sasoian Hezkuntza Sailak eskola egiteko alternatiba bi aurkeztu zituen, kokapen desberdinekin, eta “oraingo sententzia ekarri duen kokapena alkatearen kapritxoa izan zen”, jeltzaleen esanetan.
“Seguru gaude eskola ez dela eraitsiko eta Hezkuntza Sailak ahal duen guztia egingo duela irtenbiderik egokiena bilatzeko”. Azkenik, salatu dutenez “epaiketen kostua eta kalte ordainak ordaintzea” egokituko zaio udalari eta horrek “kalte handia eragingo dio udaleko kutxari”.