Aurreneko eskaintza baino 42.000 euro gehiago lortu ditu udalak bidegorriko desjabetzagatik

Anboto 2014ko aza. 19a, 09:30

Abadiño-Beasain errepideko Atxondoko tartean, udalaren jabetzakoa zen bidegorri zatiko (Katalina bihurgunetik aurrera) desjabetzearen gaineko akordioa itxi dute udalak eta desjabetzeak egiteko ardura duen enpresak. Azkenean 54.000 euroko jasoko ditu udalak; orain urte bi Aldundiak egindako lehenengo eskaintza ez zen 12.000 eurora heltzen.

2012 amaieran hasi zituzten errepideko lanak eta urriaren erdian itzi dute desjabetza akordioa. Denbora honetan guztian, udala eta Aldundia bidegorri zatiko (eta hari lotutako ondoko lurzati batzuk) desjabetzearen zenbatekoa adostu ezinik ibili dira. Aldundiak zioen bidegorriak erabilera publikoa zuela eta eskaintza ekonomikoa horren araberakoa zen. Udalak, ikerketa batzuk egin ondoren, bidegorria udalaren jabetzakoa zela jakin zuen; bere sasoian gaur egungo bidegorriaren azpitik zihoan trenbidearen konpainiari erositakoak ziren. Horrez gainera, 12.000 eurora heltzen ez zen hasierako eskaintza horretan ez zituzten udaleko lurzati denak kontuan hartzen: “Eskaintza barregarria iruditu zitzaigun”, gogoratu zuen Rosa Elizburu alkateak atzoko udalbatzarrean.

Udalak informe juridiko bat osatu zuen eta sostengu horrekin bidegorria berreskuratu eta izteko prest zeudela jakinarazi zion Aldundiari. Aldundiak, bere alegazioan, ez zuen atzera egin eta bere horretan jarraitu zuen. Udala horren aurrean zer egin pentsatzen zebilela, desjabetzeak egiteko ardura duen enpresaren deia jaso zuen eta gaia eztabaidatzeko eta akordio batera heltzeko prest zeudela azaldu zuten. Harrezkero, lau-bost batzar egin dituzte. Urriaren erdian sinatu zuten desjabetze akordioa 54.000 eurotan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!