Jaietan ez bada, ezingo da txapligorik bota Atxondon

Anboto 2014ko uzt. 22a, 09:00

Asteburuetako ezkontzetan botatzen diren txapligoen inguruan “hainbat herritar kexatu da”, Rosa Elizburu alkatearen esanetan. Horregatik, alkate dekretu baten bidez, jaietakoak ez diren txapligo denak debekatu dituzte.

 

Atzoko udalbatzarrean erabakiaren jakinarazpena eta azalpena eman zuen Rosa Elizburu alkateak. Azaldu zuenez “hainbat kexa jaso ditugu herritarrengandik gaueko orduetan txapligoak botatzen direlako”. Zehaztu zuenez kexak batez ere “Axpe eta baserri guneetakoak dira” eta batez ere “asteburuetako ezkontzen harira” etorritakoak. Beraz, aurrerantzean herriko eta auzoetako (Apata, Arrazola, Axpe, Martzaa eta Santixa) jai batzordeak bakarrik egongo dira txapliguak botatzeko ahalbidetuta jaien hasieran eta amaieran. Bestela ezingo da bota ez egunez eta ez gauez; ez txapligorik eta ez antzerako materiale piroteknikorik. Gai hori ez zen udalbatzarrean bozkatu, alkate dekretu bidez onartu delako. Udalbatzarrean erabakiaren berri jakinarazi zuen alkateak. Herrian bando bidez zabalduko dute erabakia herritarrak eta, batez ere, ezkontzak hartzen dituzten jatetxeak, jakitun egon daitezen.

Udaleko arkitektoak egindako txostenaren arabera “hainbat” dira ekintza horrek eragindako kalteak eta hiru nagusiak zerrendatu zituen alkateak: Gauerdian edo desorduetan txapliguak botatzea inguruko pertsonentzako kaltegarria da, sustoa eragiten duelako eta horrek bestelako ondorioak ekarri ditzakeelako; etxabereentzat ere kaltegarria izan daiteke; landagunean txapliguak botatzea arriskutsua da etxeren bat erre daitekeelako edo sua eragin dezakeelako.

Gaizka Uriarte EAJko zinegotziak adierazi zuen, horrelako dekretua baino egokiagoa izan daitekeela udalak baldintza batzuk ezartzea eta txapligua bota gura duen edonor baldintza horiek betetzera behartzea udaletxean baimena eskatzen duenean. Bilduko Beñat Amianoren esanetan, "dekretu zabal bat da, non bere zeregina den oinarri bat izatea ondoren abisuak emateko; zentzunagaz eta koherentziagaz erabiltzeko dekretua da".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!