Alkateari egindako salaketetan atzera egiteko eskatu dute

Anboto 2010ko api. 28a, 09:56

EAJk David Cobos alkateari Udalak tutelatutako pisu baten bizitzea leporatu dio. \"Inolako informaziorik barik\" egindako salaketa horren aurrean agerraldia egin du Atxondoko ezker abertzaleak.

Duela astebete Atxondoko EAJko zinegotziek David Cobos alkateari pisu tutelatu batean bizitzea leporatu zioten, prentsaren bitartez. Salaketa hori gezurtatu egin du ezker abertzaleak, eta EAJri atzera egiteko eskatu dio: \"Astebeteko epean salaketa zuzentzen ez badute, legezko neurriak hartuko ditugu\". Aipatutako pisu tutelatuan emakume bat bizi izan da. Joan zen astean EAJk salatu zuen emakume hark pisua utzi zuela, eta orain alkatea eta bere familia bizi direla han, \"Udalaren kontura\". Atxondoko ezker abertzaleak azaldu duenez, emakume horri ezgaitasuna balioetsi diote eta erresidentzia batean bizi da orain. Pisua hutsik dagoela eta Udalak arrendamendu kontratua amaitu duela azaldu du ezker abertzaleak: \"Udalak orain ez dauka pisu horrekin loturarik; gizarte zerbitzuetan ez dago tutelatzeko eskabiderik, eta ez daukagu baliabiderik pisu huts bat mantentzeko\". Gobernu taldeak gogor kritikatu du EAJ: \"Salaketa larriek alkateari eta bere familiari min ematea beste helbururik ez dute, eta baliteke legearen aurkakoak izatea\". Epaitegietara jotzeko prest dago Cobos: \"Egoera aztertu barik horrelako salaketa egitea ezin daiteke onartu\". \"EAJren jarrera\" Atxondoko Udal Gobernuan daudenetik, EAJren aldetik \"oposizio itxia\" jaso dutela nabarmendu dute Gobernu Taldeko zinegotziek: \"Abiatutako egitasmo guztiei oztopoak besterik ez dizkiete ipintzen\". Hori dela-eta, Atxondoko EAJko afiliatuei ere dei egin gura izan diete, alderdiko arduradunei bide horretatik ez jarraitzeko eskatzeko: \"Ziur gaude EAJ barruan herritar asko dagoela bat ez datorrena euren bozeramaileek adierazitakoagaz, eta gurago luketenak herriaren aldeko ekarpenak egiten eta udal arduradunekin lankidetzan ibiliko balira\". [img]http://www.anboto.org/images/7400/7479/1.jpg[/img]
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!