Atxondoko Gaztetxean ipinitako berogailuak zerrautsa du erregai

Anboto 2010ko ots. 13a, 13:00
Atxondoko Gaztetxea berriztatu zutenean berogailu sistema berria ipini zuten martxan, biomasa galdara eta zoru-erradiatzaile sistema erabiltzen dute berotzeko.
Atxondoko Gaztetxea berriztatu zutenean berogailu sistema berria ipini zuten martxan, biomasa galdara eta zoru-erradiatzaile sistema erabiltzen dute berotzeko. Hau da, hodiak lurzoru azpian daude, eta ur beroa bertatik pasatzen da. Beraz, Gaztetxean ez dago erradiadorerik. Zoru-erradiatzaile sistemagaz beroa lurzorutik gora igotzen da eta beroa gehiago aprobetxatzen da; gelan 18 gradu badaude ere sentsazio termikoa 20 gradukoa litzateke. Ondorioz, energia aurrezten da.

Biomasa galdara

Gainera, biomasaz funtzionatzen duen galdara daukate; hau da, zerrautsa da bere erregaia eta, gainera, sistema guztiz automatikoa da. Geroago eta gehiago, zuragaz lan egiten duten lantegietan zura moztean sortzen den zerrautsa aprobetxatu egiten da. Zerrauts makina batean sartu eta konprimitu egiten da bolatxo batzuk sortu arte; horiei \"pellet\" deitzen zaie. Galdarak duen depositu handi batean pelletak sartu, galdarak hartu eta apurka-apurka erre egiten ditu. Horrela, ura berotu egiten du berotze-sistema osorako. Sistema horregaz emisioak zero dira, ziklo itxia edukitzea lortzen delako. Izan ere, zura erretzean sortzen diren kutsatzaileak gutxiago dira, beste gas edo gasoleo galdarekin konparatuz. Biomasa galdarak sortzen duen kutsadura gero zuhaitzek xurgatuko dute fotosintesiaren bitartez. Eta zuhaitz horiek biharko egunean erregai izango dira. Beraz, airera ez da kutsadura berririk botatzen.

Inbertsioa

Atxondoko Udalak 12.000 euro gastatu ditu Gaztetxean biomasako galdara ipintzeko, baina EVEk (energiaren euskal erakundeak) energia berriztagarriak erabiltzean %50eko diru-laguntza ematen du. Gainera zerrautsa beste erregaiekin konparatuta, askoz merkeagoa da, beraz, \"arin amortizatzen duzu egindako inbertsioa\", adierazi du David Cobos Atxondoko alkateak: \"Sistema horrek onura ekonomikoak dauzka, ingurugiroa kontutan hartzen du, erosoa da mantentze-lanak oso sinpleak direlako eta ematen duen beroa oso atsegina da\". David Cobosek adierazi duenez, energia berriztagarriak erabiliz \"erakutsi gura dugu alternatiba badagoela; geroago eta eskuragarriagoa da, gainera\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!