Zornotzako EH Bilduren ustez, EAJk "interes elektoralistagatik" eraman du pintaketen gaia udalera

Anboto 2020ko eka. 24a, 11:30

Azpimarratu dute "EH Bilduk "aspaldi" utzi zuela "argi" zein den bere jarrera alderdien egoitzetan egindako pintaketen harira. "EH Bilduk ere salatu zituen pintada horiek, publikoki eta behin baino gehiagotan", adierazi dute.

Ekainaren 19an Zornotzako udaletxean egindako Bozeramaileen Batzordean, duela zenbait aste alderdi politiko ezberdinen egoitzetan egindako pintadei buruzko adierazpena aurkeztu zuen EAJk.

"Azpimarratzekoa da Amorebieta-Etxanon ez dela horrelako gertakaririk izan, baina, hala ere, EAJk adierazpena aurkeztu zuen eta PSEk eta Elkarrekin Amorebietak atzetik jarraitu diote, ekimena babestuz", azaldu du Zornotzako EH Bilduk bere webgunean. Ildo horretatik, "EAJ udalbatzaren erabilera elektoralista eta alderdikoia egiten ari dela" salatu dute. "Zornotzarren arazoei irtenbidea bilatzeko proposamenak egin beharrean, EAJk helburu elektoralistak eta alderdikoiak dauzkaten eztabaidak ekartzen ditu herriko udalbatzara Sabin Etxetik jasotzen dituen aginduak betez".

Eztabaida "guztiak" izan daitezke zilegi eta adibide bi jarri dituzte: EAJko kideak "nahasitako ustelkeria" kasuak edo eta CIAK 80ko hamarkadan egindako txostena, zeinetan ebazten duen Felipe Gonzalez (PSOE) Espainiako Gobernuko presidente ohiak sortu zuela GAL taldea.

Zornotzako EH Bilduk "argi" dauka Zornotzako Udala bezalako instituzio publikoa "ez dela eztabaida elektoralistak egiteko lekua", adierazi dute amaitzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!