"Herentzia-gatazkak uste baino ohikoagoak dira, hartu-eman oneko familietan ere bai"

Joseba Derteano

Testamentuak eta herentziak. Bizitzan, lehenago edo geroago, pertsonarik gehienei egokitzen zaie gai horiei heltzea. Baina noiz komeni da testamentua egitea? Zelan banatzen da herentzia? Eta zer egin daiteke oinordekoen artean desadostasuna sortzen bada? Sara Zubizarreta abokatuak (Zaldibar, 1990), testamentu eta herentzia gaietan adituak, galdera horiei erantzun die. 

Zergaitik komeni da testamentua egitea eta noiz da horretarako unerik egokiena?
Testamentua egitea erraza eta merkea da. Gure borondatea argi uzten du, eta, ondasunen banaketari eta zergei buruzko aholkularitzagaz, arazoak saihesten eta kostuak aurrezten lagundu dezake. Ez da zahartu arte edo seme-alabak edo ondasunak izan arte itxaron behar; testamentua egitea komeni da, eta, gure egoera aldatzen bada, berrikustea. Testamentu-ahalordeak konfiantzazko pertsona bati aukera ematen dio erabakitzeko gu hiltzen garenean nork eta zelan jasoko duen herentzia. Oinordetza-ituna ere egin daiteke; horren bitartez, herentzia bizirik gaudela adostu dezakegu, eta akordioak berehala edo post mortem izan ditzake ondorioak.

Bizkaian, oinordetza-desberdintasunak daude oraindino hiribilduen eta elizateen artean?
2015etik, oinordetza-araubide bera dago euskal auzotasun zibila dutenentzat. Bizkaiko lur lauko zenbait ondasun higiezinetan tronkalitatea mantentzen da, ondasunak familiaren barruan transmititzea babesteko.

Euskal legediak aukera ematen al du seme-alaba bat edo batzuk besteen gainetik lehenesteko, edo baita herentziatik kanpora uzteko ere? Zein muga dago?
Bai, beti ere herentziaren heren bat seme-alabentzat edo ondorengoentzat gordeta. Hori legitima kolektiboa deitzen da eta testamentua egiten duenak askatasunez banatu dezake ondorengoen artean. Hori bai, ezkontidearen edo izatezko bikotekide erregistratuaren eskubideak eta ondasun tronkaletarako foru-arauak errespetatu behar dira.

Zelan utzi diezazkioke bananduta dagoen guraso batek bere ondasunak seme-alaba adingabeei ondasun horiek beste gurasoak kudeatu ez ditzan?
Testamentua eginda, ondasunak seme-alabei utzita eta konfiantzazko pertsona bat izendatuta, ondasun horiek seme-alabek 18 urte bete arte administratu ditzan. Beste gurasoa berariaz kanpora utzi behar da; bananduta egotea ez da nahikoa.

Zer eskubide dute ezkonduta ez dauden bikoteek bietariko bat hiltzen bada?
Euskal legearen arabera, izatezko bikote modura erregistratuta daudenek bikote ezkonduen oinordetza-eskubide eurak dituzte. Ezkondu barik edo bikote modura erregistratu barik elkarregaz bizitzeak, berez, ez du herentzia jasotzeko eskubiderik ematen. Horregaitik, garrantzitsua da aurrez neurriak hartzea.

Zelan banatzen da herentzia pertsona bat testamenturik egin barik hiltzen denean?
Euskal zuzenbidearen arabera, lehenik ondorengoek jasotzen dute herentzia; ondoren, ezkontideak edo erregistratutako izatezko bikotekideak, aurreko ahaideek eta laugarren gradurainoko gainerako ahaideek, hurrenkera horretan. Bizirik dagoenaren usufruktua eta tronkalitatea errespetatzen dira.

Etxebizitza bat oinordetzan jasotzen denean, zer gertatzen da oinordekoak ados ipintzen ez badira? Esaterako, batek etxea saldu gura badu eta besteak ez?
Adostu egin daiteke oinordekoetariko bat etxebizitzagaz geratzea gainerakoak konpentsatuta, edo etxebizitza saltzea. Akordiorik lortzen ez bada, epaitegi bidezko banaketak enkantean amaitu dezake, betiere erabilera-eskubideak errespetatuta.

Ohikoak dira familiako gatazkak herentziak banatzerakoan?
Herentzia-gatazkak uste dugun baino ohikoagoak dira, baita ordura arte harreman ona izandako familietan ere. Gatazka iturri izan daitezke ondasunen balorazioa, aurretik egindako dohaintzak zein etxebizitzaren erabilera. Horiek saihesteko, lagungarria da aholkularitza egokia jasotzea eta testamentuan erabakiak argi uztea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!