Eduardo Izarzugaza otxandiarra atxilotu egin dute Kurdistanen, Newrozeko ordezkaritzan

Markel Onaindia 2017ko mar. 23a, 23:14
Durangaldetik Kurdistanera joandako zenbait lagun, iaz. Tartean, Izarzugaza ere bai.

Udaberriaren etorrera ospatzen dute kurduek Newroz jaialdi politikoagaz. Euskal Herritik ordezkaritza bat joan da babesa ematera, eta horien artean zegoen Eduardo Izarzugaza otxandiarra atxilotu dute Turkiako militarrek Diyarbakirren, Turkiaren menpeko Kurdistanen. Bere lagunek telefonoz eman diote azken orduaren berri ANBOTOri.

Humberto Trapero otxandiarra ere badago ordezkaritzaren baitan, eta azaldu du "egun gogorra" bizi izan dutela gaur. Bere esanetan, polizia turkiarra atzetik izan dute egun guztian, eta Lice izeneko hiri setiatuan identifikatu egin dituzte. "Ehundaka militar ikusi ditugu kontroletan". Gero, Diyarbakirrera bueltan, "guri itxaroten zeuden", dio Traperok. Hasieran guztiak komisaldegira eraman gura zituzten, baina euskaldunek ezetz esan diete, eta enbaxadoreari deitzeko eskatu dute. Ordu bi eta erdi egon dira kontrolean, eta azkenean Izarzugaza hartu dute atxilo, mugikorrean zeukan argazki bat aitzakia lez hartuta. Gero, itzultzailea ere atxilotu dute laguntzera joan denean.

Ordezkaritzakoak hotelean daude bien bitartean, itxaroten. Gainera, gauez poliziak bertara ere joango ote diren susmoa dute, eta zaintzak egiten dabiltza.

Iaz ere Durangaldeko hainbat lagun egon ziren Newrozeko ospakizunetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!