Mañariko Udalak hiru ibilbide sortuko ditu herriko paisaiak ezagutarazteko

Joseba Derteano 2019ko ira. 10a, 09:33

Mañaria herri txikia da biztanle kopuruari dagokionez, baina nahiko handia hedadura ikuspegitik. Bere ia 18 kilometro karratuetan, ezagutara ematea merezi duten paisaiak gordetzen dituela uste du udalak, eta hiru ibilbide berri sortuko ditu leku horien balioa nabarmentzeko.

Asmo horren abiapuntua iaz landutako Harria eta Paisaiak izeneko ekintza-plana da. Bertan, Mañariak harriagaz eta bestelako osagai naturalekin izandako hartu-emana aztertu zuten, askotariko dokumentuak oinarri hartuta. Azterketa hartan jasotako informazioa aintzat hartuta diseinatu dituzte hiru ibilbideak.

Ibilbide bat Mugarra mendi alderantza joango da eta hango inguruak erakutsiko ditu. Beste batek Eskuagatx inguruko paisaiak emango ditu ezagutara, eta ibilbideko zati bat Urkiolako Parke Naturaletik izango da. Hirugarrenak Untzillatx inguruko basoetara eramango ditu ibiltariak. Ibilbiderik luzeenak 6,3 kilometro izango ditu, eta laburrenak 4,4.

Prozesu parte-hartzailea
Udalak herritarren aurrean azalduko ditu ibilbide hauen gaineko xehetasunak. Horretarako, prozesu parte-hartzaile bat egingo dute irailaren 12ko eguenean, Mañariko udaletxean. 18:30etik 20:00etara, orain arte egindako lana azalduko dute eta herritarren iritziak eta ekarpenak jasoko dituzte.

Horrez gainera, egitasmo honen inguruan Ainara Otxotorena alkateagaz aurrez aurre batzartzeko aukera izango dute  mañariarrek. Irailaren 19an, elkarrizketa pertsonalak hartuko ditu alkateak, goizean zein arratsaldean, aurretik hitzordua hartu duten lagunekin. Elkarrizketa pertsonalak eskatzeko, bide bi zabaldu dituzte udalean: Mañariko udalera deitu edo partaidetza.manaria@bizkaia.org helbide elektronikora idatzi daiteke.

Informazio panelak
Herritarrekin egindako prozesua amaitzen denean, ibilbideak markatu eta ezagutara emango dituzte. Ibilbideko hainbat gunetan zehar panel informatiboak ipintzea da asmoa. Panel horiek inguruko faunari eta landarediari buruzko xehetasunak jasoko dituzte, besteak beste. Atzerapenik egon ezean, hiru ibilbideak urtea amaitu aurretik egongo dira amaituta, udal arduradunen esanetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!