MAITASUNA ETA OSASUNA

Erabiltzailearen aurpegia
Pentsatu nahi dut hori ere izan ginela astelehenean. Lipar laburretan,igogailuko atetik etxeko atera bitarteko tartetxo hartan, Pedro, Mari Carmen, Iñaki edo Juliaren aterpe. 

 


Nire amama Arrate onena zen. Suposatzen dut gizartearen gehiengoak ere gauza bera pentsatuko duela bere amamaren inguruan. Baina amama Arrate neukan nik. Akorduan ditut berarekin bizitakoak: zapatuetako txokolatia, igande eguerdietako kafietesnia eta kopinari egiten genizkion pelukeria tailerrak.


Gaixotzen ginenean (eta gaixorik ez geundenean) zaintzen gintuen amamak. “Jan trankil, horrek ez dizu kalterik eingo, umia”. Amamaren etxean inmunizatu egiten ginela zirudien; ematen zuen ezer txarrik gertatzeko arriskurik ez genuela. Izan zitekeen gastroenteritisa, eztarriko infekzioa edo barizela, berdin zitzaion. Amamaren etxean sekula ez ziren poltsa berua eta aspirinia faltako.


Garai hartan iruditzen zitzaidan nire amamak baino botika gehiago ez zuela inork hartzen. “Goizetan hiru hartzeitxut, hau bazkalosterako da eta afal aurretik beste bi horrek, horraitxio!” Amamaren pilula kolekzioa ikaragarria zen. Nire lagunek telebista ikusten zuten aitona-amonen etxean; mila koloretako pastelak prestatzen zituzten elkarrekin; ehun pezetako pagarekin kromoak erosten zituzten… Amama Arrate eta biok farmazietara jolasten ginen. 7 urterekin, futbolarienak baino gehiago, botiken izenak esan nitzakeen, bata bestearen atzetik. 


Astelehenean Durangoko herritarrok udalarekin batera antolatutako zaintza sarean hartu nuen parte. Gurutze Gorritik errezetak hartu eta farmaziara joan ginen; ondoren, etxez etxe botikak banatzeko. Hamabost urte igaro eta gero, amamarekin asmatutako jolasa nire azalean errealitate bihurtu zen. Sentitu nuen bat-batean auzokide bakoitza etxeko; iruditzen zitzaidan atari bakoitza zela amamaren aterpe; eta ohartu nintzen hori ere bazeukala nire amama Arratek: botika eta esne bero artean, babeslekua zen guretzat.


Pentsatu nahi dut hori ere izan ginela astelehenean. Lipar laburretan,igogailuko atetik etxeko atera bitarteko tartetxo hartan, Pedro, Mari Carmen, Iñaki edo Juliaren aterpe. 


Ziur nago amamak ez zuela komunitate, elkarlana edo antzeko berbarik erabiliko. Baina aspaldi ikasi nion amamari zaintzeak dakarrena: maitasuna eta osasuna.
Durangaldeko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak whatsapp bitartez jaso gura dituzu? Bidali ALTA 688 635 041 telefono zenbakira.