Hibernazioa

Erabiltzailearen aurpegia

Akaso kasualitatea izango da, edo igual nik berez eta inkontzienteki topatutako zerbait: azken hileetan Lagun izoztua eta Cien años de soledad izan ditut nire ohe ondoko mesanotxean. Sarrionandiaren liburuari bigarren aukera bat emateko gogoa neukan, eta García Márquezena leitu beharrekoen zerrendan zegoen horietako bat zen. Bada, konturatu orduko hor nenbilen gizartetik isolatutako lagun izoztuaren azalean lehenik, eta urte luzeetako eurite amaigabean murgilduta gero. Ez dut uste bizitzen gabiltzan hau baino momentu egokiagorik egongo zenik liburu bietako pertsonaiekin mimetizatzeko.

2020a joan da, baina badirudi ez dela guztiz amaitu. Iazko martxoan ez zen udaberri berririk loratu guretzat, negua luzatu zen eta oraindino hortxe gaude, inoizko hibernazio luzeenean. Askori eguneroko eta etorkizun hurreko asmoak izoztu zaizkigu: bizi-planak, bidaiak, bisitak, bazkariak, ekintzak, konspirazio sentimental eta politikoak, gaueko pasiadak... Gero egingo ditugu, gero hori geure begien aurrean ikusten ez den arren. Denbora pasatzen da, baina ez da ezer pasatzen.

Bitartean epeletan egon eta geure burua zaintzea tokatzen zaigu. Irakurriz gozatu eta gerorako prestatu. Ze, espero ez dugun egunen batean urtuko dira izotzak, elurrak eta distantziak, eta orduan kobazulotik irtengo gara, hartz baten gose eta indarrarekin mundua jatera.

Durangaldeko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bitartez jaso gura dituzu? Hauek dira bi aukerak.

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 635 041 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @anbotokomunikabideak kanalera.