Déjà vu

Erabiltzailearen aurpegia

Matienako elkarretaratzera bidean gindoazen lagunak, autoan, iraganera bueltatzeko sentsazioa geneukala komentatzen ari ginenean. Imanol eta beste hiru herritar atxilotu zituzten egunean zetorren etxera Alaitz. Protesta batera gindoazen, eta ostean harrera batera. Amorrua eta poza. Nekea eta ilusioa. Protesta eta ospakizuna. Lehenago bizitako sentimendu nahasketak. Déjà vu.

Gerora, kalean topatu dut Alaitz eta egoera naturala iruditu zait, betikoa. Zeozelan esatearren, beste nonbaiten ibilitako puzzle pieza bere kaxa originalera ekartzea lez. Bere lurretik aterata egon eta gero, sorlekura bueltan datorren lorearen antzera. Udaberrian ere, gauza bera sentitu nuen bere betiko laguna herrira itzuli zenean.

Denbora pasa ez balitz bezala. Baina, bai, denbora pasa da eta asko gainera. Eta, akordatu naiz senideez, urte luze hauetan guztietan hara eta hona kartzelarik kartzela ibili direnez. Fleury, Rennes, Alacant, Picassent... zenbat. Isilean, astebururo, euren etxekoak jagoteko milaka kilometro egiten. Merezi bako mendekuaren mapetan. Asko dira, gehiegi, oraindik ere zaintza lan horretan daudenak, gatazka konpondu ez denaren lekuko zuzenak. Zutabe honetako letra bakoitzeko, musu bat eurentzat.

Eta astekari honen edizioa ixtear dela, notizi beltzenak heldu dira. Asier Aginako Etxenagusia preso ohia hil da, kartzelan garatutako gaixotasun baten ondorioz. Espetxe politika kriminal hau amaitu beharra dago. Betirako gugan, Asier. Musu handi-handi bat etxekoentzat.

Iragana orainean da.

Durangaldeko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak whatsapp bitartez jaso gura dituzu? Bidali ALTA 688 635 041 telefono zenbakira.