Marea gora, marea behera

Erabiltzailearen aurpegia

Kanpotik eta barrutik garbitzen zaituzten bainu horietako bat hartu eta toallan jarri zara, lasaitasun betean, itsasoari begira. Hor dabil gora eta behera, batek daki noiztik, ilargiaren pausora dantzan. Zelan liteke hain urrunean dagoen satelite batek horrelako eragina edukitzea? Jakineko gauza den arren, zure egunerokoan ez zara horretaz akordatzen eta, gaur, zure begien parean, berriro ere miragarria iruditu zaizu.

Naturaren handitasun horren aurrean, zeure baitan pentsatzen hasi eta konturatu zara zuk ere goraldiak eta beheraldiak izaten dituzula. Sarritan, hanketan duzun harea bezain minuskulo eta anonimo diren arazoek sortzen dizkizute burukominak. Egunak, harremanak eta animoa higatzen dizkizuten burukominak. Itolarria eragiten dizutenak, olatua txikia izanda ere. Eta, zeure buruari galdetu diozu zer ote den aurpegiko azala arrakalatu dizuna, haizeak, euriak eta kresalak itsasertzeko harkaitzetan egin duten bezala. Zuk zeuk ebatzi beharko duzu zerk merezi duen zure denbora eta ardura.

Iluntzen hasi da eta, behatzen artetik ahalik eta hare gehien kendu eta gero, bazoaz etxerantz. Iraganean galdu duzunari baino, geroan irabazteko duzunari begiratzeko gogoz. Iraila da, amaieren eta hasieren lurra. Zure egunerokoari aurre egiten diozun bitartean hantxe jarraituko du ilargiak; baita itsasoak ere, marea gora, marea behera.

Durangaldeko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak whatsapp bitartez jaso gura dituzu? Bidali ALTA 688 635 041 telefono zenbakira.