Kontuz! Obrak

Erabiltzailearen aurpegia

Trrrrrrrrr tok-tok-tok trrrrrrr tok-tok-tok… Goizean goiz leihotik sartu den zaratak obra berriren bat iragarri dit. Beharrezko obra bat izango da; edo ez, batek daki. ‘Euskal Herria eraiki' aldarria hormetan ikusi, eta batzuek aitzurra, pala eta zementuagaz erantzun zuten.

Obra batzuk ez zaizkit ulergarriak egiten. Kasu batzuetan alferrekoak dira, planifikazio faltagatik. Esaterako, Durangoko Astarloa kalea trafikoari zarratzea erabaki zuten 2016an, baina hile batzuk lehenago autoen emisioak xurgatzeko gai ziren adokinekin berritu zuten espaloia. Iurretan, N-634 errepidearen obren ostean, herrigunea eta plaza lotzen dituen tunelaren funtzioa eta balioa debaluatu dira. Norbaitek pentsa dezake urte asko igaro direla zulo hori egin zenetik, baina errealitatea da gaur egun ez dela beharrezko zerbait, eta orduko inbertsioa aurreztu genezakeen. Zenbat horrelakoak, herririk herri.

Konfinamendutik atera eta kontxo! AHTaren obra bueltatu da, amaitzen ez den amesgaizto bat lez. Lurra txikitzen, baserriak botatzen. Karrokada bete milioi gehiago aspalditik puztuta datorren proiektuarentzat, sanitarioek baliabideak eskatu dituzten pandemia garaian, autonomoek eta kultur langileek laguntzak eskuratzeko zozketetan parte hartu behar izan duten krisi sasoian, etxe askotan laster arazoak sortuko direla sumatzen den unean. Ez dut herritarrik entzun AHTrako dirurik eskatzen. Ustez garapen lokala, mugikortasun jasangarria eta lan telematikoa indartu behar diren etorkizun batean zer zentzu dauka hiri arteko tren horrek?

Hor ere birusen bat ibiliko da, baina txanpon formakoa eta jendea bereizten dakiena.

Durangaldeko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak whatsapp bitartez jaso gura dituzu? Bidali ALTA 688 635 041 telefono zenbakira.