Herrimina

Erabiltzailearen aurpegia

Itsasontzi baten Euskal Herritik kanpora eraman ez arren, herrian bertan egonda herrimina sentitu dut azken asteetan. Konfinamenduak eragindako egun arraro hauen kontuak, aizue. Familiako bazkarien falta eduki dut, lobatxoekin jolastu eta barre egitearen nostalgia, lagunarteko kafe eta espuela amaigabeen morriña, maite ditugun gure bazterretara joateko debekuagatik saudade, aurrez aurreko kultur sorkuntzaren gabezia, herri hobe baten alde ekiteko eta protesta egiteko ezinaren mina. Itxialdiak emandako belarrondoko emozionalez ere berba egin beharko dugu hau dena pasatzean. Onena da, lagun izoztuak zioen lez, eduki daitekeen gauzarik behinena izango dugula oraindik, denbora.

Euskal Herrian aspalditik dakigu herriminaz, distantziaz, konfinamenduaz. Belaunaldiz belaunaldi gaur arte igarotako salbuespen egoerak. Galdetu bestela, urte luzeen ostean berrogeialdiko egun hauetan etxera bueltatu berri diren Gorka eta Aitziberri. Parentesi arteko sasoi luzeak joan dira behingoz eurentzat eta maite dituztenentzat. Oraindik 200dik gora dira etxetik urrun dauden euskal preso politikoak; egunotan bakartze estuagoan, senideen bisitarik barik.

Nire gaurko letra eta berba hauek zuentzat dira. Esateko zuek denak etxean egongo zaretenean amaituko dela gure alarma egoera. Orduan bai, orduan ez dugu negarrik egingo, eta herrian elkartuko gara pozez kantari.

Durangaldeko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak whatsapp bitartez jaso gura dituzu? Bidali ALTA 688 635 041 telefono zenbakira.