Lur-jausia Zaldibarren

Kea Zaldibarren

Erabiltzailearen aurpegia

Egunotan sarri akordatu naiz gure etxe parean zegoen fundizioak botatzen zuen keaz, hango kamioien goizaldeko deskargek sortzen zidaten dardaraz. Oraindik dimititu ez duen Arriola ingurumen sailburuak ere dardara igarriko zuen eguenean. Bazekien zer zetorkion gainera, zabortegiko luiziagaz batera. Herritarrak ondo informatu bako egunak etorri dira gero, desagertutako langileen familiei babesa erakutsi bako ordu luzeak. Jaurlaritzaren zulo etikoa.

Zabortegietan bezala, zakarrak zuloan sartu eta tapatzen saiatu dira. Ez dadila inor enteratu, ez eman erantzukizunaren aitorpen seinalerik. Erru guztia enpresari bota, hauteskundeetara deitu, eta kea haizeak eraman dezala. Badirudi kea luzerako dela, ostera.

Liburuetan lez, uste dut lerro artean irakurtzen saiatu beharko genukeela, ikusten ez denaz galderak egin geure baitan. Zergatik eman zuen Jaurlaritzak amiantoa botatzeko baimena, hondakin arriskutsuentzako ez zen zabortegian. Zerk bultzatu zuen Arriola irregulartasunen aurrean espedienterik eta neurririk berehala ez aplikatzera. Hori guztia jakinda isilik geratu, eta zergatik ez zuten abisatu erreskate lanak hastean. Nondik sortu den Cuarto Milenioko kasu bat dirudien sutea, bizilagunen osasuna kaltetu dezakeena. Esplikazioari kiratsa dario, eta hasi dira loturak aireratzen zenbait mediotan.

Eta, galderak egiten hasita, kuestionatu beharko genuke hau al den nahi dugun eredua; zabortegi irregularrena, negozio ilunena, kearena, hilabetean 11 langile hil eta beste bi hondakinen azpian harrapatzen dituena.

Durangaldeko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak whatsapp bitartez jaso gura dituzu? Bidali ALTA 688 635 041 telefono zenbakira.