Mugarraren bi aldeak

Erabiltzailearen aurpegia

Autoko musika aparatua piztu eta banoa etxerantz, sanmigelak zain ditugu eta. “Etxera bueltan, gaur ere Anbotok txapela” diote Ganorabakuek disko zaharrean. Asmatu dute, gaur ere. Mariren kontuak izango dira. Elorrio atzean utzita, Atxondotik pasatzen nabilela, begirada leihotik harago bota eta metalgintzako langileek eskegitako pankartaren atzeko planoan, sakonean, han agertu zait Mugarra mendiaren punta. Kuriosoa egin zait hemendik zelan bistaratzen den hain zorrotz, letagina bailitzan, Iurreta eta Durango inguruetatik sabel baten antzekoa izan daitekeenean, bere altzoan gozo hartzen gaituen kareharrizko magal bat. Bi aldeak ederrak.

Diskotik irratira aldatu eta Gorka Urbizuren ahotsa entzutean aukeratu dut sintonia. “Zabal begiak, mapa berriak tolestuta datoz”. Mugarrak bezala, bide eta egun guztiek eduki ditzakete alde zorrotzak zein gozoak. Zorrotza tokatzen denean gozoa ikustea zail egiten zaigun arren, eta gozoan gaudenean zorrotza ere etorriko dela ahaztu arren. Bi aldeak estimatu beharrekoak. Ai ama, gidatzen dudanean larregi hausnartzen ez ote dudan hausnartu dut; batzuetan etxerako buelta zelan egin dudan ere ez dut akorduan izaten. Beno bada, eskuak bolantera eta begirada aurrera.

Heldu naiz Mugarraren altzora. Irratia amatatu aurretik, “Cambia, todo cambia” kantatzen dabil Mercedes Sosa, segidan abisu emateko badagoela zerbait aldatzen ez dena: herriari eta gertukoei diegun maitasuna. ANBOTOri ere letren leiho honetatik begiratuko diot aurrerantzean. Mugarrari lez, beste alde batetik, baina betiko maitasun berberagaz.

Durangaldeko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak whatsapp bitartez jaso gura dituzu? Bidali ALTA 688 635 041 telefono zenbakira.