Ametsen Jauregira

Erabiltzailearen aurpegia

Gehiagotan idatzi nahi nuke jendearen bizipozaren inguruan, egitasmo berriez, perretxikoak batzean zoriontasuna sentitzen duten lagunez... Notizia leunak nahi nituzke jarri. Abiadura bizian doan mundu honek, baina, errealitate gordinez busten du kazetarion ordenagailuko pantaila. Amets egiten jarraitu behar.

‘Ametsen Jauregia’ liburuan, herritarren ametsak kontrolatzen dituen estatu bat erakusten digu Ismail Kadare idazle albaniarrak. Goizean, esnatzean, gauez amestutakoa eskutitzean idatzi eta gobernuaren Ametsen Jauregira bidaltzeko betebeharra dute herritarrek. Zentsore eta agintariek arriskutsu direla interpretatuz gero, arazoak datoz ameslariarentzat.

Nik, itzartzean, ametsak gogoratzeko aukera izaten dut askotan. Sarri amestu izan dut gure herrian umetan zegoen gozoki dendan nagoela; oraindik usaindu ditzaket txokolatez eta fruitu lehorrez betetako ontziak, liluratu naiteke mostradore koloretsuarekin. Leioako kanpusean nago, karrera amaitzeko ikasgai bat falta zaidala konturatu naiz 10 urte eta gero eta eskas nabil; azterketarako apunterik ez, eta inor ezagunik ere ez. Obama eta Springsteen Durangora etorri dira eta nire kamerak ez dit argazki historiko hori atera. Bihar, ohean nagoela, beltzez jantzita eta aurpegia estalita duten ezezagunek min egin nahiko didate. Amets txar horretatik itzartu naizela ere amestu dut, lotan jarraitu arren. Izan ere, batzuetan esnatzeko gogoz eta izerditan blai zabaltzen ditut begiak; beste batzuetan, desiozko ametsetik ateratzearen penaz eta berriro horra bueltatzeko esperantzaz. Baina horrelakoak hobe niretzat uztea, ezta? 

Badakit ez naizela bakarra. Nire lagun batek aurrekoan komentatu zidan txalupa batean zihoala amestu zuela, itsasoaren erdian, galbidera. Une txarra pasatu zuen. Beste zokormazo batek, nire lagun horrekin eta beste batekin amets egin zuen duela egun gutxi, gure zirkulura hurreratu eta konfesatu zigunez. Denak du arrazoiren bat.

Amets surrealistez berba egitea friboloa izan daiteke jendea etxetik kaleratua izateko arriskuan bizi denean; etxerako buelta atzera kontu amaigabea denean; indarkeria jasandako gorputzetan, amestsgaiztoek gauak hausten dituztenean; arima apurtuak berregitea oinaze luzeko bidea denean. Batzuetan, Anarik dioen lez, gure ametsen eraiste neurtuari ekitea besterik ez zaigu geratzen.

Baina esango nuke ametsak direla mundu aurreratu honetan kontrol zuzenetik kanpo salbu dauden bakarrak. Ez digute Ametsen Jauregirik ezarri, oraindik ez behintzat. Eta, akaso, itzartzerakoan, desiozko ametsetara bueltatzen saiatzea izango da errealitatea luma justuago eta zoriontsuago batez idazteko bidea.

Durangaldeko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak whatsapp bitartez jaso gura dituzu? Bidali ALTA 688 635 041 telefono zenbakira.