Kantuaren Kantoia perla bat da

Erabiltzailearen aurpegia

Aurreko eguaztenean ospatu zen Kantuaren Kantoia zikloko lehenengo berbaldi musikatua Plateruenean. Perlak talde gipuzkoarra izan zen gonbidatu, Jonan Hernandez kazetariaren galderei segika. Bihar, hilak 18, bigarren saioa burutuko da, 19:30ean, Norte Apache rap taldekoekin.

Ez nuen ezagutzen Perlak taldea. Baina Platerueneko kultur egitasmo propiotik sortzen den Kantuaren Kantoiak hori dauka, taldea ezagutu ez arren, probatu, eta iluntze eder bat pasa dezakezula. Perlak taldearen kasuan (hiru neska eta mutil bat), arreta deitu zidan zelan inongo asmo berezirik barik elkartu ziren, arrazoi handi bat kenduta: musika egiten gozatzea. Post-punka egiten ei dute, baina eurek ere ez zekiten hasieran. (Hemen eguazteneko bideo bat Youtubetik). (Hemen euren bideoklip bat).

Taldea ezagutzen baduzu, desberdina da Kantuaren Kantoiko pertzepzioa. Nork ez du hausnartu zer ote dagoen gustuko duen talde edo abesti baten atzean? Gogoratzen dut duela urte batzuk Zea Mayseko Aiora Renteria egon zela zikloan, eta Negua joan da ta abestia Iurretan okurritu zitzaiola entzutean flipatu egin nuen. Iurretan irakasle zebilen orduan Aiora, eta autobus geralekuan itxaroten, negu gorriko hotza aguantatzeaz gogaituta, azken urteetako euskal kantu ezagunenetakoa sortu zitzaion. Kantuaren Kantoia gertukoa da.

Ikusten ez dena azalera ekartzen du Kantuaren Kantoiak, sortzaileen arrazoi, sentimendu eta asmoak ezagutzeko aukera ematen du. Horregatik eta beste hamaika arrazoirengatik, Kantuaren Kantoia perla bat da.

Durangaldeko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak whatsapp bitartez jaso gura dituzu? Bidali ALTA 688 635 041 telefono zenbakira.