Sutondotik barroteetara

Erabiltzailearen aurpegia

Hilabete pasatxo igaro da COVID-19ak hankaz gora jarri gintuenetik: munduak arnasa hartzeko beharra duela esan digu, eta, paradoxikoki, virus forman kolpatu dizkigu birikak. Etenaldi, geldiune, pausa... berdin dio. Tarte honetan jendeak erabaki du etxeak txukuntzea, kirola egiten hastea edo errezeta arraroak prestatzea. Ez dugu inor engainatuko, gu ere erori gara tentazioan eta baliteke armairuak txukunago izatea eta abdominalak pixka bat gogortu izana.

Hala ere, izan dugu tartea hausnarketarako eta garrantzizko gaiei heltzeko: kartzelek (ere) itotzen dute. Ikusi dugu komunikabideetan eta kontatu digute presoen senideek zein den egoera. Eguneroko bizitzan irudikatu ezin dugun zerbait da maite ditugun pertsonak ezin ikusi ezta ukitzea. Debekatu dizkiete begirada konplizeak, muxu umelak eta laztan goxoak konpartitzeko eskubidea, hori ere kendu diete euskal preso politikoei.

Jakitun gara ezer gutxi egin dezakegula gure etxeko sutondoetatik. Baina sekretu bat kontatzera gatoz: sugarrek leihoetatik egin dezakete ihes, eta Estremera, Picassent, Murcia, Mont de Marsan, Avila, Topas, Rennes eta Valentziako barroteak zeharkatuko dituzte, hainbeste behar dituzten maitasun keinu guztiak emateko.

Hauspo bana Durangoko presoei. 

Eta gogoratu: badira itzali ezin diren argiak

Zaindu zaitezte asko.

Durangaldeko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak whatsapp bitartez jaso gura dituzu? Bidali ALTA 688 635 041 telefono zenbakira.