Koronabirusa dela eta

Erabiltzailearen aurpegia

Irudika ezazu une batez berrogeialdia 8 metro karratutan; argia justuan sartzeko leihatila txiki bat; elikadura baldintza eskasak eta atseden hartzeko berme gutxi.

 

Izan ere, kalitatezko deskantsua ahaztuta daukate zer den gure presoek. Irudika ezazu 24 ordu, 7 egun eta urteak; urte ugari horrela. Orain zu zauden antzera edo. Bada ez! Kendu irudi horretatik Netflix, Instagrameta unean uneko albiste sortak. Hotzikara, ezta?

Jakin badakigu COVID-19 gaitzak ez duela barroteen mugen berri. Iritsi da Espainiako eta Frantziako estatuetara. Bisitatu ditu hainbat kartzela, senide eta lagunak kanpoan utzita. 

Durangon 12 dira estatu bien artean gatibu dauden presoak. Herritar hauei (ere) inork ez ez die osasun baldintzarik bermatu: higiene neurriak berdinak dira, segurtasun distantzia ez da betetzen, etab. Koronabirusa heldu denetik, bisita eta aurrez aurrekorik gabe daude Espainian. Aste osoan zehar daukaten arnasguneak ere, kale. Beharrezkoak dituzten arropak edo ikasteko materiala ezin dira kartzelatik atera, ezta espetxera sartu ere, eta egoera ezegonkorra da oso. Modu horretan, beraientzat hain garrantzitsua den errutina apurtzen da, eta ikasteko zailtasunak eta komunikatzeko trabak areagotu.

Frantzian dauden presoei ere ukatu dizkiete bisitak, eta ziurrenik, denborarekin neurri zorrotzagoak hartuko dituzte. Beharrezkoa da Oier, Giller, Aitziber, Iurdan, Lupi, Gorka, Alaitz, Josu, Gita, Gorka, Itziar eta Lolaren bizi baldintza osasungarriak bermatzea. 

Distantzia ez da metro batekoa, eta ez du hilabete irauten. Kilometro asko dira; larregi, aukeran; eta dispertsioaren birusak duela urte asko bisitatu gintuen. Besarkada bana; maite zaituztegu!

 

Durangaldeko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak whatsapp bitartez jaso gura dituzu? Bidali ALTA 688 635 041 telefono zenbakira.