[ARGAZKI GALERIA] Smurfit Kappa Nervionek papergintzako lokatzen tratamendu-fabrika "berritzailea" ireki du Iurretan

Anboto 2024ko mai. 29a, 14:27

Papergintzako lokatzak kudeatzeko eta tratatzeko "azken belaunaldiko" instalazio berriak 27 milioi euroko inbertsioa eskatu du. Iñigo Urkullu lehendakaria eta Arantxa Tapia sailburua egon dira gaur egin duten inaugurazio ekitaldian. 

Smurfit Kappa Nervionek papergintzako lokatzen tratamendu-fabrika "berritzailea" zabaldu du Iurretako lantokian. Enpresak "jasangarritasunaren eta ekonomia zirkularraren euskal helburuekin eta europakoekin daukan konpromisoaren adierazgarri" den azpiegitura eraikitzeko urte bi behar izan dituzte, ekitaldian azaldu dutenez, eta 27 milioi euroko inbertsioa egin dute. Iñigo Urkullu lehendakaria, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua, Durango, Iurreta eta Zornotzako alkateak, Durangaldeko Mankomunitateko ordezkariak, eta enpresa munduko hainbat ordezkari izan dira inaugurazioan.

Smurfit Kappa Nervionek "bere kaustifikazio-instalazioa handitu eta hobetu du, erabat zirkularra den ekoizpen-zikloa ixteko", azaldu dutenez. Horrez gain, karea-labea eta gasen tratamendurako "azken belaunaldiko" sistema jarri ditu abian. "Horrek 120 tona karea ekoizteko ahalmena du, eta kaltzio karbonatoko hondakinak karea berrerabilgarri bihurtzen ditu".  Gaineratu dutenez, "instalazio berriari esker ez dira 75.000 tona kaltzio karbonato zabortegira bidaliko".

Iñigo Urkullu lehendakariak Smurfit Kappa Nervionen" ibilbide eredugarria" nabarmendu du, horrelako inbertsio garrantzia azpimarratuz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!