Goiuriako ermitan antolatu gura zuen Bloke Eskalada Txapelketa bertan behera utzi du Zaldaik herritar batek udaletxean jarritako kexa dela eta

Anboto 2021ko urt. 13a, 13:48

Jon Irazabal Gerediagako bazkideak udalean aurkeztutako idatzian ermita zaindu beharreko ondarea dela argudiatzen du. Mendi taldeak dio inguruko eskalatzaileek aspalditik dihardutela bertan eskalatzen eta orain arte ez dutela kexen berririk izan. 

Zaldai Mendi Taldeak Iurretako IV. Mendi Astearen barruan Bloke Eskalada Txapelketa antolatzeko asmoa zuen Goiuriako baselizaren horman. Jon Irazabal Gerediaga Elkarteko bazkideak, baina, idatzia aurkeztu du udaletxean ekintza hori ez dadila antolatu eskatuz. Babestutako ondarea izateaz gainera, eskalatzaileek horma horretan magnesioagaz kaltea eragiten dutela azaldu du Irazabalek. "Kirol jardun honek uzten dituen orbain zurioz gain, orain urte batzuk burutu zen antzeko jardunaldi batean, gure Elizateko arrasto historiko zaharrenetarikoa eta herriko ezaugarri ikonografikorik esanguratsuena den elizaren horman dagoen XI. mendeko leiho monolitikoaren erdialdeko zutabea hautsi zen eskalatze batean", arrazoitu du Irazabalek idatzian.

Eskaera horren aurrean Zaldai Mendi Taldeak txapelketa bertan behera uztea erabaki du. Hala ere, eskalatzaileek aspalditik erabiltzen duten horma izanda orain arte ez dutela kexarik ezagutu adierazi dute. Txapelketan batutako dirua baselizaren eta inguruaren mantenura eta zaharberritzera bideratu gura izan dutela argitu dute. "Txapelketa honegaz ingurua bera eta honen balio kulturalarekiko errespetua sustatu gura izan ditugu", diote elkartetik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!