Gorka Jaio: “Artzaintza oso lanbide gogorra da eta ez da behar den beste baloratzen”

Aitziber Basauri 2017ko mai. 21a, 11:00

Aititaren eta amamaren lanbidearen garrantzia nabarmendu guran hasi zen artzain Gorka Jaio. 350 ardiko artaldea du, eta Jaio gaztandegia darama. Etxean hiru anaiak bizi dira baserritik: zaldiak zaintzen ditu anaia nagusiak, eta gazteenak oilo marradun haztegia du. Hirurek “denetatik apur bat” egiten dutela azaldu digu gazte iurretarrak.

Familiako ofizioa da zuenean artzaintza?
Bai. Aitita eta amama ibiltzen ziren artaldeagaz. Berez, egiten ditugun gazten etiketan eurak eta artaldea agertzen dira. Osaba bi ere ibili ziren, eta haiek utzi zutenean, geu hasi ginen.

Arkitektura ikasi beharrean, Arantzazuko artzain eskolara joatea erabaki zenuen.
Halaxe da. Arkitektura ikasi gura nuen, baina, azkenean, Arantzazura joatea erabaki nuen. Badute lotura, artzain izateko eta gazta egiteko azpegitura batzuk behar dira-eta. Hala ere, gure aititaren eta amamaren lanbideari jarraitzea pentsatu nuen. Lan piloa egin zuten, eta ez da behar den moduan baloratu. Hori ikustaraztea ere gura izan dut.

Artzainen lanbidea ez da baloratu izan?
Artzaintza oso lanbide gogorra da eta ez da behar den beste baloratzen, ez. Horregatik ere sartu nintzen artzain.

Nolakoa da artzain lana?
Horretarako balio egin behar da. Hor egon behar da egunero, ez dago jaiegunik. Gainera, ardiak nahiko burugogorrak dira, ez dira zaldiak edo txakurrak lakoak. Artaldea eroaten jakin behar da, itzelezko nahaspilan sartu zaitzakete.

Denbora eta mimo asko eskatzen dute ardiek?
Bai, eta une oro egon behar dira kontrolpean. Ardiek lasaiak dirudite, baina... Bati ihes egitea otuz gero, denak doaz atzetik.

Zuek egindako gazta ketuak urrezko domina lortu du 2017ko Madrilgo Gourmet Txapelketan. Zer du berezia gazta horrek?
Prozesu guztian dena oso kontrolatuta egon dela. Hori du berezia. Ardiak batzerako orduan lehenengo —garbitasuna, zer jaten duten...— eta gazta egitean gero: etxeko legarra erabiltzen dugu, eta hori prestatzeko prozesua asko zaintzen dugu. Bildotsak leku itxian daude, eta ezin dute esnea ez den beste ezer jan, legarra zuri eta garbi atera dadin. Gazta ontzerakoan ere hainbat gauza hartu behar dira kontuan: gaztaren azala ondo egin behar da, eta kamaran hezetasuna kontrolpean izan behar dugu, adibidez. Oso kontrolpean egon  behar da dena.

Berezia da gazta ketua?
Iritzi asko daude. Batzuen ustez, zaporea galtzen du gaztak, zaporea estaltzen zaio. Nik ez dut uste horrela denik.  Gainera, Idiazabal jatorri-deitura izateko, gazta ketua egonbehar da, baina ezin  zaio zaporerik kendu.

Gaztazalea zara zu?
Bai. Baina, errementariaren etxean zotza burruntzi. Gaztak probatzea, dastatzea asko gustatzen zait.

Zein gustatzen zaizu gehien?
Ketua. Hala ere, gazta ketu on bat egiteak bere prozesua eskatzen du. Hasiberritan hainbat hondatu nituen, baina, martxa hartuta, hobetzen joan naiz.

Zer behar du gazta ketuak ba?
Kanpotik kolore homogeneoa izan behar du, eta forma eta testura zehatz bat. Zaporea da garrantzitsuena, eta horretan legarra da garrantzitsuena. Brasa ohiko eran egiten dut nik lehenengo. Gero, ketzeko, haltzaren adarrak eta asun zuria erabiltzen ditut. Gazta ketzerakoan, izerdi apur bat ere bota behar du gaztak; izango duen testuran eragingo du horrek.

Gero eta gazte gehiagok bizi gura dute baserritik?
Horretan saiatzen ari gara. Baina zaila da. Baserriak bizirik irauteko, gazteak falta dira, baina baserritik bizitzen saiatzen garenok oso zail dugu. Artalde bat eramateko, landak behar dira, eta herri askotan dauden herri-basoetan ez dago aukerarik. Hor dauden elkarteek ez dute gura beste inor sartzerik. Oso zaila da sartzea. Gorbeialdean, Durangaldean... toki guztietan arazo berdinak daude. Diru-laguntzak jasotzen dituzte, eta beraien artean banatu; gainera, askok ez dihardute abeltzaintzan. Herri-basoen kudeaketa Aldundiak hartu eta berrantolatu egin beharko luke. Argi daukat artzaintza galdu egingo dela apurka-apurka.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!