San Juan-Elizalde bidegurutzea hobetzea, aurrekontu parte hartzaileetan proiekturik bozkatuena

Maialen Zuazubiskar 2021ko urr. 28a, 08:38

Elorrioko Udalak aurrekontu parte hartzaileetako emaitzak jakinarazi ditu. Guztira, 277 elorriarrek parte hartu dute, eta sei proposamenetik bat aukeratu dute urriaren 1etik 15era bitartean.

Elorrioko Udalak prentsa ohar baten bitartez jakinarazi duenez, San Juan-Elizalde bidegurutzea hobetzea izan da aurrekontu parte hartzaileetako proiekturik bozkatuena. Bertan, oinezkoei eta bizikletariei lehentasuna emango zaie. Proposamen honek 45 boto jaso ditu guztira.

“Gobernu talde honentzat funtsezkoa da parte hartzea; herritarrei entzutea udal kudeaketa ulertzeko dugun moduaren parte da, eta inkesten bitartez egiten den kontsulta mota hori entzuteko modu bat da. Emaitza horiekin, gure bizilagunek adierazi dute zein proiektutara bideratu gura duten 50.000 euroko udal aurrekontua”, adierazi dute Elorrioko Udaletik. Proiektua 2022an gauzatzen hastea aurreikusi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!