Juan Torreren erretratu ukigarriak, Iturri kultur etxean

Anboto 2016ko ots. 2a, 09:00

Juan Torre (Getxo, 1956) argazkilariaren erakusketa hartuko du Elorrioko Iturri kultur etxeak, otsailaren 26ra arte. Atzo zabaldu zuten erakusketa.

Argazkilari horrek musikari ezagunei egindako argazkiak dira Ukitzeko irudiak izenburua duen erakusketan bildutakoak. Besteak beste, Benito Lertxundiri, Mikel Erentzuni, Ainhoa Artetari, Rosendori, edo Paco de Luciari egindako erretratuak izango dira Elorrion ikusgai.

2010ean abiatu zuen argazkilari getxoztarrak Ukitzeko irudiak proiektua, eta tamaina handiko argazkiak dira erakusketakoak, zuri-beltzekoak. 24 erretratu, bereziak denak. Izan ere, Juan Torreren proiektu honetako argazkiek erliebea dute: ukimenaren bitartez ere deskubritu ditzake hartzaileak. Museo gehienetako piezetan ez bezala, erakusketa honetan “ez ukitzea” da debekatuta dagoena.

Urteetan erredaktore grafiko eta korrespontsal ibili ostean, 1987. urtean argazkilari lana denboraldi baterako utzi behar izan zuen Torrek. Bechet sindromea diagnostikatu zioten, eta, gaixotasunaren ondorioz, %92ko ezgaitasuna du ikusmenean, gaur egun.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!