Durangaldeak azken hamarkadetan izandako aldaketak ikusi ahalko dira Ansorenaren erakusketan

Anboto 2024ko mai. 9a, 13:50

Ansorena familiak 2023an 1.000 argazki baino gehiago eman zizikion dohaintzan Gerediaga elkarteari; horietako ehun argazkigaz erakusketa egingo dute Durangoko Arte eta Historia museoan. Bihar egingo dute ate irekiera ekitaldia 19:00etan; Miren Amurizak berak idatzitako testu bat irakurriko du, eta Hanneke taldeak kontzertua eskainiko du. 

Garazi Arrizabalaga museoko zuzendariak balioan jarri ditu argazkiak. "Durangaldea asko aldatu da, denbora tarte ez oso handian; izan ere, argazki hauek duela 80 urtetik honakoak dira, askoz jota, baina aldaketa handia ikus daiteke", azaldu du gaur egindako prentsaurrekoan. Durangok XX. mende hasieratik 60.eko hamarakda arte izandako bizitza sozial eta kulturalaren begirada sakona eskaintzen du bildumak. Horrez gainera, dei egin diete herritarrei argazkietan ikusten diren baserri, edota pertsonak ezagutuz gero, nortzuk diren azaltzeko, horrela memoria ariketa ere egiteko. Gerediaga Elkarteko kidea den Patri Laisekak, elkarteak jasotako "altxorra" azpimarratu du. "Altxor bat jaso dugu, baina ardura eta konpromiso bat ere bai. Lanean ari gara lan hauek gizarteratzeko. Gainera, Ansorena familiaren dohaitzaren ostean, beste batzuk ere jaso ditugu, Alejandro Landaburu elorriarrarena edota Carlos Merinorena, adibidez". Sabino Ansorenaren alaba Virginiak ere hartu du berba, emozionaturik, eta harro hitz egin du aitaren lanaz eta ondareaz. "Beti zebilen argi edota argazki onenaren bila. Oraindik ere hurbiltzen zaigu jendea, gure aitak argazkiak egin zizkiola esatera".  

Jon Sergio Atxotegi kultura zinegotziak udalaren konpromisoa berretsi du. "Erakusketa honen bidez, Durangoko Udalak gure kultura-nortasuna zaintzeko eta eraiki nahi dugun iraganaren eta etorkizunaren arteko lotura sendotzeko duen konpromiso irmoa erakusten dugu. Argazki horiek lekukotasun aberatsa dira, eta ez bakarrik gertaerak eta egunerokotasunak islatzen dituztelako, baita gure ingurunearen eta gure tradizioaren islada ere islatzen dituztelako". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!