“Oso pozik gaude itxialdian egin ditugun ekimenek izan duten harrera eta hedapenagaz”

Aritz Maldonado 2020ko mai. 29a, 11:00

Koronabirusaren eraginez hile bian itxita egon eta gero, Durangoko Arte eta Historia Museoak ateak zabalduko ditu berriro, martitzenean. Eraikina itxita egon den arren, bertako lantaldea ez da geldirik egon eta kulturzaleekin kontaktua mantendu dute sare sozialen bitartez. Hasieran, lehenengo faseagaz batera zabaltzekoak ziren arren, ekainaren 2an zabalduko dituzte ateak, neurri bereziak hartuta. ANBOTOk Garazi Arrizabalaga Durangoko Arte eta Historia Museoko zuzendariarekin hitz egin du. 

Zelako neurriak hartu dituzue ateak zabaltzeko?
Konfinamendua arintzeko faseen arabera, maiatzaren 14an zabaldu behar genuen; hala ere, martitzenean zabalduko dugu, ekainaren 2an. Azken aste hauetan, egin beharreko aldaketak prestatzen aritu gara. Aldaketa handiak dira. Esate baterako, ezingo da ekintzarik egin. Hemendik eta irailera arte, ezingo da umeekin tailerrik egin, adibidez. Eta ezingo da paperezko euskarrian ezer banatu. Bestalde, ate bakarra egongo da museora sartzeko, eta larrialdietako atetik irten beharko da. Horrez gainera, igogailua igotzeko bakarrik erabiliko da. Mugikortasun urriko pertsonen kasuan salbuespena egingo da, baina beti ere museoko harreran abisua eman beharko dute aurretiaz.

Fernando Mardonesen 'Desbideratzeak' erakusketa inauguratzear zegoela itxi behar izan zenuten museoa.
Inauguratu behar zen astean bertan itxi behar izan genuen, bai, dena muntatuta zegoela. Ekainaren 12an inauguratuko da, parkean. Hamar laguneko taldetan egin daiteke bisita erakusketaren txanda bakoitzean.

Itxialdian lanean jarraitu duzue.
Bai. Aste bakoitzean, artista baten obrari buruzko bideo bat egin dugu; baita historiari buruzko beste bat ere. Esaterako, Jose Luis Zumetarena egin genuen, hil zen sasoiaren bueltan hain zuzen ere. Andres Nageli eta Mari Puri Herrerori buruzkoak ere egin ditugu. Oso pozik gaude, bideoek hedapen handia izan dute eta. Horrez gainera, quiz lehiaketa moduko batzuk ere egin ditugu sare sozialetan, eta jende askok parte hartu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!