"Drogei buruz ez da berba askorik egiten; gutxiago heroinak eragindako sarraskiaz"

Aritz Maldonado 2020ko urt. 24a, 09:10

'Zaldi Urdina' Artedramak, Axutek eta Dejabuk elkarlanean egindako laugarren obra da. Hogeita hamar emanaldi baino gehiago eskaini dituzte eta pozik daude antzezlanak edukitako harreragaz. ANBOTOk Ander Lipus aktoreagaz hitz egin du.

Zelako harrera edukitzen dabil 'Zaldi Urdina'?
Harrituta gaude orain arte edukitako harreragaz. Antzoki ia gehienak bete egin ditugu eta hori ez da ohikoa antzerkian. Donostian bost egunetan taularatu genuen, eta bostetan bete genuen aretoa. Sorpresatxoa izan da, zentzu onean.

Publikoan hainbat belaunaldi batu duzue. Izan daiteke hori gakoetariko bat?
Ez dakit zein den formula; bageneki, beti berdina egingo genuke. Argi dago drogen gaia hor dagoela, baina tabua dela esan daiteke. Drogei buruz ez da berba askorik egiten, eta are gutxiago 80ko hamarkadan heroinak egin zuen sarraskiaz. Ordukoek bizi izan zutelako, eta gazteek, duten jakin-min hori dutelako. Horretxek erakarriko du jendea, beharbada.

Laugarren lana duzue elkarregaz Axutek, Dejavuk eta Artedramak. Publikoa fidelizatzea lortu duzue.
2010ean hasi ginen elkarlanekin, Errautsakegaz; Hamlet eta Francoren bilobari gutuna etorri ziren gero. Esango nuke publiko bat sortu dugula, guk egiten duguna ikusteko gogoz dagoena. Gai sozialak ukitzen ditugu, eta horrek ere jendearengan eragina duela uste dugu. Ekoizpen eta komunikazio lanetan ere lan handia egiten dugu, eta horren guztiaren baturak dakar antzokiak betetzea eta obrek harrera ona edukitzea.

Simon udaltzainaren papera egiten duzu zuk.
Oso pertsonaia bortitza da. Simonek benetako istorio bi nahasten ditu. Berez, apurtuta dagoen pertsonaia bat da. Kulpa-sentimendu itzelagaz bizi da, semea heroinaren erruz galdu zuelako. Berari gertatutakoa berriro ere gertatu daitekeela ikusten du, eta egundoko astakeria egiten du hori saihesteko. 80ko hamarkadan gertatutakoa da, baina gaur egungo denboretan kontatzen du. Kontraesan ikaragarrian bizi da. Alde batetik, drogen aurka borrokatzen da, baina, bestetik, bera alkoholikoa da. Eta horrek hausnarketa argi batera garamatza: azken finean, zein litzateke droga legalen eta ilegalen arteko aldea? Zeren, heroina droga bat da, ilegala, baina alkoholak ere hainbat familia edo bizitza hondatu ditu, legala izan arren. Pertsonaia gogorra da, baina jendeari barruraino heltzen zaio, eta bere zati erreala du. Gure herrian gertatutakoak dira eta guk ere galdera horiek planteatzen ditugu: zergatik da hain erraza Euskal Herrian droga lortzea?

Ikusleak gogoeta egitea gura duzue.
80ko hamarkadan arazo handiak egon ziren drogagaz eta jonkiekin, herri askotan. Esaten da heroinak sarraski itzela eragin zuela Durangon, bonbardaketak baino hildako gehiago eragin zituela. ETA bera oso sartuta egon zen drogaren aurka, eta GAL drogatik ateratako diruagaz finantzatzen zela esaten da. Hamaika gertaera oso ilun daude hor, gure herriaren parte direnak. Guk hori irakurri eta aztertu ondoren, fikzionatu eta thriller bat egin dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!