Euskalgintzaren inguruko gogoeta egin dute Durangon

Jone Guenetxea 2019ko eka. 9a, 14:30

Hainbat durangar batu ziren Guka taldeak deituta hausnarketan. 

Jon Sarasuak Euskal Herriko euskalgintzaren inguruko gogoeta egin zuen. Azken 60 urtean egindako lanaren errepasoa egin zuen Sarasuak. Ibilbide hori mendiagaz lotutako metafora bategaz azaldu zuen. "Arantzazutik Urbiara igotzea lortu dugu. Baina Urbian behelaino handia dago eta Aizkorri urrun dago". Herri eta eskualdeetan euskalgintzan egiten den lanaren garrantzia azpimarratu zuen Sarasuak. Era berean, gazteen artean ezagutza handitu den arren, lan munduan "horma handi bat" aurkitzen dutela azaldu zuen. Horregatik, lan mundua euskalduntzea inportantea dela nabarmendu zuen.

Sarasuaren gogoetaren ondoren, Euskal Herriko hiru esperientziaren berri izateko  bideo bana ikusi zituzten: Arrotxapeako Osasun etxeak eta biok euskaraz, Bizkaiko gazteek bultzatutako Topa Gaitezen eta Aiaraldean martxan jarri duten Faktoria. 

Goizaren bigarren zatian, lantaldeetan Durangoko euskalgintzaren etorkizunaz berba egin zuten. Ondorio nagusien artean, euskalgintzaren antolaketaren inguruan, euskaltzale eta norbanakoen aktibazioa izan zen ideia nagusia. Lan ildoei dagokionez, aisialdia, merkataritza, administrazioa, lan mundua. ingurune digitala eta beste hainbat esparrutan eragiteko beharra azpimarratu zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!