Danele Sarriugarte idazlearen berbaldiagaz hasiko da Durangoko martxoaren 8ko ekintza sorta

Markel Onaindia 2019ko ots. 15a, 14:53
Ezkerretik hasita: Martinez, Lopez, Pachla, Rios, Arrabal eta Barrena.

Azala erre  liburuari buruzko solasaldia egingo dute martxoaren 1ean, 18:00etan, Andragunean, Danele Sarriugarte egilea bertan dela. Euskarazko literatur solasaldiak antolatzen dituzte hilero, eta kasu honetan "literaturzale guztiei" begirako solasaldi zabala izango da, Marisa Barrena arduradunaren esanetan.

Barrena Andereakeko partaide ere bada, eta azaldu du elkartetik prostituzioari buruzko berbaldi bat prestatu dutela, martxoaren 6rako, 18:00etan, Andragunean. "Kezkatzen gaituen gai bat da, eta kolektibo lez hausnartzen hastea nahi dugu".

9an abesti feministen lehiaketa egingo dute, bigarrenez, 19:00etan Andra Marian. Usue Martinez kantariak parte hartzera animatu ditu 16 eta 30 urte arteko gazteak; otsailaren 23ra arte eman daiteke izena. Dagoeneko 7 aurkeztu dira. 

Lilakroseko dirua, Guatemalako emakumei laguntzeko
Pilar Rios alkateordeak adierazi du parekidetasunaren aldeko borroka "iraupeneko lasterketa" bat dela, eta martxoaren 8rako deitutako greba eta manifestazioak babestu ditu udalaren izenean.

Lilakrosak 14. edizioa beteko du aurten, eta berriro ehunka lagun batzeko apustua egingo du martxoaren 10ean, 12:00etan. Kety Arrabal teknikariak esan du 26 elkarte inguruk lekukoa elkarri pasako dietela lasterketa herrikoi horretan. Kamisetak egunean bertan eskuratu ahalko dira, baita aurretik HAZen eta Landako kiroldegian ere. Euro bat gutxienez emanda jasoko dute herritarrek, eta dirua Medicus Mundik Guatemalan emakumeei laguntzeko duen proiekturako izango da, udalak ere babesten duena hain zuzen. Gobernuz kanpoko erakundeko Joana Lopezen ustez, lilakrosa "aukera ona" izango da euren egitasmoa ezagutzera emateko.

Bestalde, martxoaren 14an emakume futbolariekin mahai-ingurua antolatuko du Mendibeltzek, Durangon dagoen areto futboleko emakumeen talde bakarrak. Anna Pachla taldekideak eman du ekintzaren berri.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!