Berriz Durangaldeko Mankomunitatera bueltatuko da, 22 urtean bertatik kanpo egon eta gero

Ekaitz Herrera 2020ko abe. 17a, 20:14

Mankomunitateko ordezkari politikoek argi berdea eman diote Berrizko Udalak bertara batzeko egindako eskariari.

Mankomunitateko ordezkariek osoko bilkura egin dute arratsalde honetan, baliabide telematikoak erabilita. Berrizko Udalak Mankomunitatera batzeko egin duen eskaria eztabaidatu eta onartu dute bertan. Osoko bilkurak argi berdea eman dio eskariari, eta, horrenbestez, Berrizko udalerria Mankomunitateko kide oso izatera pasako da aurrerantzean, bertatik kanpo 22 urte eman ostean. Berriztarrek kirolari eta ongizateari lotutako zerbitzuetan igarriko dute Mankomunitatera batzearen eragina. Besteak beste, Mankomunitatearen gizarte zerbitzuak, adinekoen zerbitzua, etxez etxeko arreta zerbitzua edota kirol instalazioen zerbitzuak erabiltzeko aukera izango dute hemendik aurrera.

Eztabaida

Erabakiaren alde egin dute EAJk eta Abadiñoko Independenteek. Kontra, berriz, EH Bilduk, Herriaren Eskubideak eta Garaiko Herriko Taldeak. Josune Escota ordezkari jeltzalearen esanetan, "pozik eta harro egoteko eguna" da. "Behingoz, Mankomunitatean batuta daude Durangaldeko herri guztiak", adierazi du. Javier Crespo Abadiñoko Independenteen ordezkariak ere, inkorporazioaren ikuspegi positibo bat partekatu du. Mankomunitate "handiago, indartsuago eta solidoago" bat sortuko da, bere esanetan. Ildo beretik egin dute berba Garaiko alkate Erramun Osak eta Abadiñoko alkate Mikel Garaizabalek ere.

EH Bilduk, Herriaren Eskubideak eta Garaiko Herriko Taldeak, aldiz, bestelako irakurketa bat plazaratu dute. Adierazi dute ez daudela Berriz sartzearen kontra, baina gobernu taldeak tramitazioa egiterako orduan izandako "prozeduragatik" eta prozesua prestatzeko "denbora faltagatik", kontra bozkatzea erabaki dute. Aitor Lopez EH Bilduren bozeramailearen arabera, "ez da" Berriz Mankomunitatera batzearen eragina neurtzen duen "txosten teknikorik egin", eta gaia oposizioarekin lantzeko "borondaterik ez dela egon" argudiatu du. "Ez genuke Berriz Mankomunitatera batzeko argudiorik izango, gauzak behar bezala egin izan balira", azaldu du. Gainera, Berriz Mankomunitatera batzeak udalerrietako zerbitzu sozialei zelan eragingo dien kezka du koalizioak.

Duela urtebete, Berrizkoaren bide bera hartu zuen Garaiko Udalak. Mankomunitatera batu zen iaz, handik kanpo 21 urtean egon ostean. Mireia Elkoroiribe presidenteak gaurkoa  "momentu historikoa" dela adierazi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!