Durangaldeko egoitzetako langileei PCR proba prebentiboak egingo dizkiete Euban, astelehenean

Ekaitz Herrera 2020ko ira. 4a, 16:50

Bizkaiko Foru Aldundiak osasun dispositibo berezi bat ipiniko du astelehenean, Eubako frontoian, Durangaldeko eta Arratiako egoitzetako langileei PCR proba prebentiboak egiteko.

Duela astebete Gernikan egin bezala, orain, Zornotzaren txanda izango da.  Foru Aldundiko Ekintza sozialeko iturriek ANBOTOri jakinarazi diotenez, Eubako frontoian ipiniko dute dispositiboa. Durangaldeko eta Arratiako egoitzetako beharginak deitu dituzte PCR proba egitera. "Dispositibo berezia da, modu prebentiboan egingo dira PCR probak. Ez du esan gura positiboak daudenik, baina halakorik balego, modu honetan detektatuko genituzke", azaldu dute Foru Aldundiko iturriek.

Dispositiboa 8:30etatik aurrera egongo da martxan. Bai Durangaldeko eta bai Arratiako egoitzetako beharginek, bertaratzeko hitzordua ipinita dute dagoeneko. Aurreikuspenen arabera astelehenean hasi eta astelehenean bertan bukatuko dituzte PCR probak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!