"Abade baten zeregin bakarra ez da meza ematea; eta, agian, garrantzitsuena ere ez"

Anboto 2016ko eka. 12a, 10:00

Tabira Eliz Eskualdeko parrokietan —Otxandio, Urkiola, Mañaria, Santa Ana, Andra Maria, San Fausto, Izurtza, Garai, Matiena, Zelaieta, Iurreta eta Berriz­— eliztarren erreferente izango diren 17 lagun “komunitateari begirako eta gerorako elizari begirako formazioa” jasotzen ari dira. Parrokietako hainbat arduren kargu egingo dira.

Abade eskasia dela-eta eliztarren beharrei erantzuteko bide berriei ekitea erabaki duzue Tabira Eliz Eskualdean ere.
Xabier Ezkauriatza: Bai. Hala ere, ez bakarrik abade gutxiago dagoelako. Vatikanoko II. kontziliotik funtsezko zeregina hartu du laikotzak; bestelako estatus eta karisma hartu ditu. Abadeen zerbitzura egon eta haren esanak mantso bete beharrean zeregin bat hartu du, protagonismo bat. Horrek eta abade eskasiak eragin dute bide berriei ekitea. Abadeak gutxitu direla-eta parrokiak itxi egin behar dira? Kristau herriak eskubidea du fedean hazteko, fedea ospatzeko eta herritarrak fedetik zerbitzatzeko. Abaderik ezean, beste bide bat sortu beharko da.

Eliztarrak, laikoak prestatzen hasi zarete otoitzaldietarako. Zein preskuntza mota jasoko dute pertsona horiek?
Mari Puy Inzunza: Parrokia bakoitzak horren erreferente izango diren pertsonak aukeratu ditu. Hori izan da lehenengo pausoa. Formazio prozesua dator gero, eta prozesu horren hasieran gaudela esan daiteke. Denon artean, gure komunitateari begira eta gerorako Elizari begirako formazioa ari gara hartzen.

Zein izango da zuen funtzioa?
M.P.I.: Komunitatearen animatzaileak izango gara. Arduren kargu egingo gara; parrokia handietan zerbitzu pastoral desberdinen koordinazioa ere egingo da.

Hainbat dira ardura horiek. Hala ere, mezarik ematerik ez duzue izango.  
M.P.I.: Ez, hori abadearen funtzioa da. Baina, fedea ospatzeko beste era eta aukera asko daude, eta horretan laikook badugu gure zeregina eta protagonismoa, hartu egin behar duguna. Bai erreferenteok bai komunitateko beste pertsona batzuek ere. Katekesia, ekonomia-arloa, ospakizun edo liturgiak... daude hor. Parrokia eta herriaren elkarrenganako harremanean, zubi eraikitzean, ere garrantzitsua da erreferenteen protagonismoa: herrian bizi gara eta lan egiten dugu, herriarekin ditugu harremanak... Abadeak gehiago egon dira eliza munduan sartuta, eta gu giza komunitatearen zati ere bagara.

Abade eskasia dela-eta, hainbat parrokiaren ardura hartu duzue abadeok?
X.E.:  Bai. Santa Ana (Durango), Mañaria, Izurtza eta Iurretako parrokien ardura dut. Parrokia guztietan ez dago lan berdina. Hala ere, sakramentu munduan abadearen presentzia ezinbestekoa da oraindik. Aztertu beharko dena da orain arteko sakramentu mundua ebanjelizazioaren ardatz nagusia den ala ez. Baliteke sakramentu batzuen ospakizuna —adibidez, mezak­— murriztu behar izatea, eta beste batzuk martxan jartzea; abade gabeko ospakizunak, esaterako. Oreka bat lortzeko. Abade baten zeregin bakarra ez da meza ematea, eta, agian, garrantzitsuena ere ez. Batez ere, komunioa eta misioa bermatu behar ditugu guk. Gainerakoa ere bai, ahal den neurrian, baina, ez dago gure esku bakarrik, herriaren esku ere utzi genezake.

Eliztarrek mantentzen dituzte hainbat eliza? Adibidez, eliza txikiak.
M.P.I.: Bai. Tokatzen denean dator abadea mezatara. Orduerdi, hogei minutu lehenago dator, eta badoa. Ez du denborarik. Horregaz bakarrik ez da egiten eliza. Bertan dagoen komunitateak egiten du eliza, eta komunitate horren zerbitzuan ardurak hartzen dituzten pertsonek. Abadea egotea garrantzitsua da, bai, eta dagokion garrantzi eta errespetuagaz hartzen dugu, baina, eliza izate horren barruan beste elementu bat da.

EAEn hiru abadetik bi daude jubilatuta. Lekukoa hartuko duenik falta da?
X.E..: Lekukoa orain arte lez ulertuta, bai. Bizkaian 10 bat abadegai daude; denek ez dute abadetza amaituko. Eskasia gero eta handiagoa da, desoreka itzela da. Bizkaiko elizan abadeen batez besteko adina 60-61 urtekoa da. Elizaren testigua eliztarrek hartu beharko dute, eta batzuk abade izateko gogoa eta bokazioa erakustea! Baina, inportantea kristau herria da.

Bokazioa falta da?
X.E..: Hori batetik. Bestetik, abadetza ulertzeko modua. Askok ez dute zelibatua ulertzen. Eta, orain, pil-pilean dagoen emakumeen abadetza. Eliza katolikoak ez du hori onartzen. Bihar-etzi eztabaidatu beharreko gaiak dira. Baina, ezin dugu gizaldietako matxismoa, abade izateko kontzeptu bakarra hamar urtean irauli. Beti pentsau dut andrek abade izateko aukera izan behar dutela. Zelibatua aukerakoa izan beharko litzateke.

2002-2008an EAEn 20 abade ordenatu ziren. Ez dira sasoi bateko kopuruak...
X.E.: Ez. Tabira Eliz Eskualdeko 10 parrokietan lau abade gaude zerbitzua egiteko. 50eko hamarkadan Andra Maria eta Santa Ana parrokietarako bakarrik, bederatzi abade zeuden. Urte gutxian aldaketa sozial, politiko eta ekonomiko handiak egon dira. Guztiak eragin du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!