Ibilaldia 2016

Ehunka boluntariok hartuko dute parte Ibilaldiko prestaketetan

Anboto 2016ko mai. 27a, 09:20

Kurutziaga eta Ibaizabal ikastoletako arduradun, guraso, irakasle eta ikasleak azken orduak aprobetxatzen ari dira domekan Ibilaldia ospatzeko.

Antolakuntza aldetik, bostehun boluntariok baino gehiagok dihardute lanean. Ibilaldian parte hartuko duten milaka lagunek Durango bisitatu aurretik egin beharreko lana izugarria da. Seinaleztapena, guneen antolaketa, arroparen prestaketa, txosnak, eszenatokiak... Baina Ibilaldia ez da egun bateko jaialdia bakarrik. Urte osoan zehar garatuz joan den proiektua izan dela azaldu dute antolatzaileek. Ibilaldiko ordezkariek diotenez, “egitaraua elkarlanean osatu dugu Durangoko kultur, gizarte eta kirol eragileekin.

Horrez gain, Euskal Herri osotik etorritako artistek ere lekua izango dute bertan”. Idurre Maortua Ibaizabal ikastolako zuzendariak azaldu duenez,   “jai eredu ezberdinak eskaintzen dituen egitaraua eraiki dugu hiru zutabe funtsezkoren gainean: herritarra, parekidea eta parte-hartzailea”.

Hasiera ekitaldia
Ibilaldiari Ibaizabal ikastolan emango diote hasiera ofiziala, 09:30ean. Ikastoletako eta instituzioetako ordezkariek ekitaldian hitza hartu ostean, Rosa Elizburuk eta Rosi Oleagak Ibilaldiko zinta moztuko dute. Horrela, ikastolek Oleaga eta Elizburu omendu gura izan dituzte . “Bi emakume hauek ikastolako guraso eta langile izan dira, eta eredu izan dira euren lanarekiko jarreran. Ikastola beraiena den proiektu egin dute, eta beti jarrera positiboa eta ekintzailea erakutsi dute, une gozo zein gazietan”.

Ondoren, 11:15ean, bigarren ekitaldia egingo dute San Agustin kulturgunean. Ordu eta erdi iraungo duen ekitaldi honetan, Durangoko ikastolek lekukoa emango diote 2017ko Ibilaldia antolatuko duten Mungiako Larramendi ikastolako arduradunei.

Ingurumena zaintzeko konpromisoa eta ardura hartu ditu antolatzaileek. Ildo horretatik, garraio publikoa eta autobus pribatuak erabiltzeko deia egin dute. Bai Bizkaibusek eta baita Euskotrenek ere zerbitzu bereziak ipiniko dituzte egun horretarako. Ordutegiak www.ibilaldia.eus webgunean daude ikusgai.

Ibilbide urbanoa
Aurtengo ibilbidea hiri-gunean izango da soilik. Ibilbideak bost gune izango ditu: Zuhatzola, Landako gunea, Mataderoa, Kurutziaga eta Tabira. Guztira, 6 kilometro izango ditu. Ibilbide honen berezitasuna norabide jakinik ez duela da. Norberak aukeratuko du norabidea. Sei kilometroko ibilbide luze bat proposatu dute. Era berean, herri barrutik beste ibilbide laburrago batzuk egin daitezke.

Herri bazkaria
Ibilaldi egunean, Kurutziaga Ikastolan, Dastatu gunean, bertako produktuekin osatutako herri bazkaria antolatuko dute. Hiru menu egongo dira aukeratu ahal izateko: arrunta, begetarianoa eta beganoa. Bazkariko txartelak Ibilaldi egunean bertan, 12:00 ingurura arte salgai egongo dira.

Duela bi aste mendi lasterketa antolatu zuen Ibilaldiak.

Rosa Elizburuk eta Rosi Oleagak Kolonbiako Nasa herriarekin harreman estua dute.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!