Emakumeen Bira

Gaur Urkiolako santutegiaren parean amaituko da Emakumeen Birako etapa

Anboto 2016ko api. 15a, 12:00

Emakumeen Bira Durangaldera itzuliko da gaur. Nafarroan, Etxarri Aranatzen hasiko den etapa, Urkiolako santutegiaren parean amaituko da, 18:10 inguruan, Birako gida-liburuaren arabera.

Txirrindulariak Otxandiotik etorriko dira. Beraz, alderik leunenetik igoko dute Urkiola. Azken metroak ikusgarriak izango dira, bidegurutzetik Santutegi parean kokatutako helmugaraino doan aldapa gogorragaz. 109 kilometroko ibilbidean Urkiolakoa izango da mendate bakarra. Gainerakoan, Heredia eta Zubizabalako koskak kenduta, etapa laua izango da.

Gaurkoaren ostean, etapa bi geratuko dira Emakumeen Bira amaitzeko. Bihar, Bizkaiko kostaldetik ibiliko dira. Berriatuan hasi (15:30ean) eta amaituko da (18:30ean) etapa. Lekeitio, Ondarroa eta Markina ingurutik ibiliko dira, eta hirugarren mailako Mellerudi mendatea birritan igoko dute.

Domekan, Emakumeen Birari agur jendetsua ematea itxaroten dute antolatzaileek Portugaleteko Ballonti merkataritza-gunearen parean amaituko den etapagaz.

Legebiltzarraren erabakia
Bestalde, asteon Emakumeen Biraren etorkizunerako garrantzitsua izan daitekeen erabaki bat hartu du Eusko Legebiltzarrak. EH Bilduk proposatu, ondoren EAJ eta PSErekin batera adostu, eta Legebiltzarrak aho  batez onartu du proposamena. EITBko zuzendaritzari Emakumeen Biragaz “hitzarmena egin dezala” eskatu diote. Hitzarmen horren bidez, “EITBk Emakumeen Birari Women World Tour-eko partaide izateko UCIk ezarritako telebista-estaldura ziurtatuko dio, horretarako behar diren bitartekoak bere gain hartuz”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!