Iketz enpresako beharginek akordioa sinatu dute inbertsore berriagaz

Anboto 2013ko eka. 11a, 21:22
LAB sindikatuak eman du akordioaren berri. Hamahiru behargin hasiko dira lanean, eta gainerakoak lan-poltsa batean sartuko dira. San Eloyko langileen asanbladak eroslearen eskaintzak onartu ditu, baina ez dute ezer sinatu oraindik. LABek esan du inbertsore berriak ez duela guztiz zehaztu zein den San Eloyrako eskaintza.

LAB sindikatuak eman du gaur arratsaldean sinatutako akordioaren berri. Hamahiru behargin hasiko dira lanean, eta gainerakoak lan-poltsa batean sartuko dira. San Eloyko langileen asanbladak eroslearen eskaintzak onartu ditu, baina ez dute ezer sinatu oraindik. LABek esan du inbertsore berriak ez duela guztiz zehaztu zein den San Eloyrako eskaintza. Metal Performers enpresako jabea da San Eloy taldeko inbertsore berri hori.


Abadiñoko Iketz enpresako beharginek enpresaren inbertsore berriagaz akordioa sinatu dute. Hamahiru hasiko dira lanean, hiru urterako lan bermeagaz. 2016ra arteko lana edukiko dute gutxienez. Gainerako 47ak lan-poltsa batean sartuko dira, eta kontratazio beharraren arabera integratzen joango dira. Horretarako,  sailkapen edo zerrenda bat egingo da, "irizpide objetiboen arabera". Lau urteko gutxieneko iraupena edukiko du poltsa horrek. Beharginek azaldu dute lan bermea eta poltsa direla akordioko puntu garrantzitsuenak.

 

Soldatak ez jaisteko klausulak ere ezarri dituztela azaldu du LABek. Sindikatuak adierazi du Iketzeko beharginek borrokarako erabakia hartu zutela, biharko greban hasteko deialdia egina zutela. Borroka horren ondorioz uste dute etorri dela akordioa, horri eman diote balioa. "Borrokari eskerrak akordioak lortu ahal dira", esan dute sindikatuko kideek. Iketzeko enpresa komitean bost ordezkari daude, eta guztiak dira LABenak.


San Eloyn ez da gauza bera gertatu. Antza denez, beharginek asanbladan erabaki dute inbertsorearen eskaintza onartzea. Baina, oraindik ez dute ezer sinatu. LABek enpresa bietan jarrera berdina mantendu duela esan dute, baina San Eloyn ez dauka gehiengoa. ESK-k ordezkari bat galduta, lauko berdinketan geratu ei dira: LABek eta ESK-k bina, ELAk hiru eta CCOOk bat. Beharginentzako etete espedientea bariku honetan amaituko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!