EH Bilduren ustez, Jaurlaritzaren ardura da San Eloyko 210 lanpostuak mantentzea

Anboto 2013ko api. 16a, 11:26
EH Bilduk agerraldia egin du Abadiñoko Iketz enpresaren aurrean. Dani Maeztuk, enpresen aldeko apustua egiteko konpromisoa eskatu dio Jaurlaritzari

EH Bilduk agerraldia egin du Abadiñoko Iketz enpresaren aurrean. Dani Maeztuk, enpresen aldeko apustua egiteko konpromisoa eskatu dio Jaurlaritzari.

 

Iketz enpresaren aurrean agerraldia egin du EH Bilduk. 210 behargin lan barik geratzeko arriskuan daude San Eloy taldeko enpresa bietan, eta Maeztuk Urkulluren gobernuaren jarrera kritikatu du. "Salagarria da, Jaurlaritza San Eloy taldearen jabea ere badenean, beste alde batera begiratzen egotea", esan du Durangoko legebiltzarkideak. Jaurlaritzarena da San Eloy taldeko akzioen %18; beharginak gobernuko ordezkariekin batu izan dira inplikazioa eskatzeko, baina ez dute lortu. Hori dela-eta, enpresak ixteko arriskuan daude. Maezturen berbetan, "bada Jaurlaritzaren ardura 210 lanpostu mantentzea". EH Bilduk kritikatu du enpresari finantzazioa eskaini zitzaiola, baina Jaurlaritzak ez duela diru horren kudeaketaren jarraipenik egin.

 

EH Bilduk esan du martxoan 235.827 langabe zeudela Hego Euskal Herrian: "Esan genezake, gure ehun industriala momentu honetan krisiaren ondorio latzenak pairatzen ari dela". Koalizioaren ustez, egoera "kezkagarri" horren aurrean Urkulluk "ez du inolako seinalerik eman", eta murrizketa eta geldotasunean oinarritutako aurrekontuak aurkeztu dituela kritikatu du. Aurrekontuekin batera enplegu plan berria aurkeztu du lehendakariak, eta horri erreferentzia egin dio Maezturen koalizioak: "Urkullu jauna, enplegu planik eraginkorrena, jada lanean dauden lanpostuak mantentzea da".

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!